Garaipenarekin hasi du denboraldia Laubide jatetxea eskubaloi taldeak
La Salle Legazpi klubeko senior taldeak Bigarren Nazionala mailan jokatuko du aurten ere. Hurrengo partida Bikuñan dute, larunbatean, Bilboko Escolapios taldearen aurka.
Eskubaloi denboraldia hasi da, eta La Salle Legazpi klubeko Laubide jatetxea senior taldeak garaipenarekin estreinatu du jarduna. Larunbatean 25-26 irabazi zion Aloña Mendiri, Oñatin.
Aurten ere Manolo Mugerza entrenatzaile dutela ekin diote denboraldiari legazpiarrek, iaz igoera fasea jokatzeko atarian geratu eta gero. “Ez zen emaitza txarra izan, alderantziz, horraino iristea lortu genuen, gure helburua kategoria mantentzea zenean”. Aurten ere bide beretik joko dute. Bigarren Nazionalean jarraitzeko sailkapena lortu nahi dute, baina emaitza hobeak lortzen badira, “askoz ere hobeto!”.
Talde sendoa eta indartsua dute horretarako. “Batzuk utzi egin dute, ikasketak eta beste arrazoi batzuk tarteko, baina jubeniletatik ere igo dira beste batzuk, eta oso ilusionatuta gaude guztiak”. Ilusio hori areagotzeko, jarraitzaileen animoak falta zaizkie orain. Larunbatean dute hurrengo partida, Bikuñan bertan, 19:15ean, Bilboko Escolapiosen aurka. “Legazpin eskubaloiak jarraitzaile asko ditu, eta azken denboraldietan bezala, harmailetan jende asko espero dugu”.