Ikatzak banatu ditu bere bi lehiaketetako sariak
Ostiralean egin zuten sari banaketa ekitaldia, argazki rallyko lanen proiekzioaren ondoren. Legazpi Hiria lehiaketara aurkeztutako lanen aukeraketarekin egindako erakusketa ikusgai dago Kultur Etxean, hilaren 21era arte.
Ikatza argazkilari elkarteak Legazpi Hiria lehiaketako eta Batis Goikoetxea argazki rallyko sariak banatu zituen joan den ostiralean Kultur Etxean egindako ekitaldi batean. Ekitaldi berean, rallyra aurkeztutako argazkien proiekzioa ere egin zuten, eta Legazpi Hirira aurkeztutakoekin egindako 50 argazkiko erakusketa ere inauguratu zuten. Erakusketa hilaren 21era arte egongo da ikusgai. Sarituetako batzuk ezin izan zuten ekitaldira joan, eta bideoak bidali zituzten eskerrak emateko.
Legazpi Hiria lehiaketan 45 argazkilarik parte hartu dute eta 135 lan aurkeztu dituzte. Irabazlea Carlos Frias Perez izan da, Nire alaba izeneko argazkiarekin, bigarren sailkatua Jose Ramon Luna de la Osa eta Ziurtasunik eza lana izan dira; eta hirugarren postuan Mario Pereda Berga sailkatu da, Lainoa argazkiarekin. Herriko saria Javier Alonso Vicenterantzat izan da, A little kiss lanagatik.
Irailaren 18an jokatu zen Batis Goikoetxearen omenezko argazki rallyan, berriz, 31 partaide izan ziren, eta helduen atalean Patxi Irazabalek irabazi du, Iker Gutierrez bigarrena izan da, eta Javier Lopez hirugarrena. Herriko lehenaren saria Carlos Mediavillak jaso du, eta gazteen sailkapena hau izan zen: Ibon Huerta, Urko Comontes eta Lander Huerta.