Legazpiko lehen lantegiei buruzko erakusketa irekiko dute Fabrikan
Burdinolen itxierak eragindako krisialdia pizgarria izan zen herriko hainbat ekintzaileek lantegi edo produkzio gune berriak sortzeko, metalaren sektoretik kanpokoak. Legazpin egindako produktuak eta memoria berreskuratzen lagundu dutenen testigantzak ere erakusketaren parte dira.
Lehen fabrikak Legazpin izenburuarekin, erakusketa berri bat inauguratuko du Lenbur Fundazioak ostegunean, Patricio Elorza paper lantegi zaharraren barruan dagoen Fabrika gunean. Erakusketa hilaren 30era arte egongo da ikusgai.
Lenburrek azaldu duenez, Legazpiko industriaren hastapenak kontatzen ditu erakusketa honek, eta burdinolen krisiaren historia kontatuz hasten da, krisialdi hartatik aro berri bat sortu zelako. Artisau eran lan egiten zuten pertsona batzuek proiektu berriak jarri zituzten martxan orduan, eta teila, orrazi edota zementu fabrikak sortu zituzten, besteak beste. Metalaren lanketak garrantzia handia izan zuen, baina beste sektore batzuk ere jorratu zituzten. Emakume ekintzaileak ere izan ziren lehen fabriken garai hartan.
Legazpiko produktuak eta memoria
Legazpiko lehen fabriken kontakizuna osatzeko, Legazpin egina atala gehitu diote erakusketari, eta bertan, herrian ekoitzitako produktuak egongo dira ikusgai.
Lanaren memoria atalak osatuko du erakusketa, Lenburren 23 urteko ibilbidean memoria hori berreskuratzen lagundu duten herritarren testigantzekin.
Hilaren 30era arte
Legazpiko lehen fabrikak erakusketa ostegunean, hilak 13, inauguratuko da, 18:00etan. Gero, hilaren 14an, 15ean, 16an, 21ean, 22an, 23an, 28an eta 30ean egongo da ikusgai: ostiraletan 18:00-20:00 bitartean, larunbatetan: 11:30-13:30 eta 18:00-20:00 bitartean, eta igandeetan 11:30-13:30 artean.
Fabrika gunean egiten den bigarren erakusketa da hau. Lehena, herrian zinemak zuen 100 urteko historiari errepaso eginez osatu zen, eta oso arrakastatsua izan zen.