Musika, dantza eta herri kirola fusionatuta Korrontzi eta Korostiren jaialdian
Musikarien eta legazpiarren elkarlan berriaren emaitza kaleratu zuten larunbat arratsaldean, publikoz gainezka zegoen Urbeltz pilotalekuan. Larunbatean elkartuko dira berriz, Bizi EITB jaialdian.
Publikoa bereganatu zuten Korrontzik eta Korostik larunbatean, Urbeltz pilotalekuan eskaini zuten Koplariak ikuskizunean. Frontoiko harmailak jendez bete ziren, musika, dantza eta herri kirola fusionatu zuen jaialdia ikusteko, eta ikusleek txalo zaparradarekin saritu zituzten musikariak eta dantzariak amaieran.
Korrontzi musika taldearen eta Korostiko dantzarien elkarlan berria da Koplariak, eta bi taldeak oso gustura geratu ziren emaitzarekin eta publikoaren harrerarekin. “Izugarria izan zen!”.
Korostiko kideen esanetan, “primeran joan zen” guztia. Pilotalekuan 340dik gora ikusle elkartu ziren, eta han sortu zen giroa “ikaragarria” izan zela nabarmendu dute: “Ikusleak kontzertura batu ziren, linternekin, abestuz, txaloekin…”. Legazpiko dantzariek “bihotzez” eskertzen dute ikusleen jarrera.
Emanaldi arrakastatsu eta hunkigarria
Korrontziko Agus Barandiaranek, bere aldetik, Legazpiko emanaldia “arrakastatsu bezain hunkigarria” suertatu zela adierazi du. “Agertokira irten eta lehen txaloan igartzen da askotan zer nolako emanaldia izango den eskaini beharrekoa, eta lehen txalo horretan dagoeneko berotasuna sentitu genuen ikuslegoaren partetik… gero, ikuskizun guztian, islatu zena…”
Barandiaranen hitzetan, “Euskal tradizioen laburpen bat izan zen larunbatean eskaini genuena: musika, dantza, herri kirolak… eta batez ere euskara…”. Hori guztia, Korostiko kideekin batera plazaratu zuten, eta horregatik, “egindako lan zoragarriagatik” eskerrak eman nahi dizkiote dantza taldeari !
Larunbatean, Bizi EITB jaialdia
Korosti eta Korrontziren elkarlan hau ez da lehena, eta “berriz ere esperientzi bikaina izan da”, legazpiarren esanetan. Hurrengoa ere hitzartuta dute, eta larunbat honetan, Legazpiko dantzariek dantza egingo dute musika taldeak Bizi EITB jaialdian egingo duen emanaldian.
Irudiak: Guille Urkijo, Korrontzi.