Arriaranen iraganarekiko lotura, bi herritarrek josia

Itsasotik Beasainera igaro zeneko 2027ko mendeurrenaren atariko, Arriaranen ehun urtera lehenengo aldiz iritsi diren bi herritar omendu dituzte: Joxe Migel Mendia eta Felipa Mujika. Historiaren bi zutabe.

Ez dira asko izango Arriaran Beasaingo parte izan aurretik jaiotako arriarandarrak. Jaiotzez Itsasokoak, alegia. Joxe Migel Mendiak eta Felipa Mujikak herritartasun bikoitza dutela esan dezakete. 1922an jaioak, eta mende banaren jabe bakoitza, ume zirela aldatu zen Arriaran Beasainera, 1927an.

Ehun urteren langa ireki eta pasatu duten lehenbiziko arriarandarrak ere badira, Iker Santxo ikertzaileak auzoko historia aztertzerakoan ikusi duenez. Hala, igandean omendu zituzten Mendia eta Mujika herrikideek, Intxaurpe elkarteak antolatutako ekitaldian.

Buruz argi eta gorputzez tente, arriarandarrez inguratutako aitortza gustura jaso zuten Mujikak eta Mendiak.

Historiaren katebegiak

Biziraupenarekin kezkatuta dago auzo txikia, eta etorkizuna ziurtatuko duen dinamizazio betean ari da talde bat. Iragana ikertzea da lerro bat, zer, noiz eta nola izan diren jakiteko.

Santxok jaso duenez, mendera iristen lehenengoak izateaz gain, beraien oinetxeen jarraipena ziurtatu duten katebegiak ere badira Mendia eta Mujika. Auzotar horien familiek 300 eta 400 urte daramatzate, hurrenez hurren, Arriaranen bizitzen, etxe berean. Igandeko ekitaldian haien arbasoen izen-abizenak erakutsi zizkieten ikertzaileek.

Beste oroigarri bana ere oparitu diete aitzindariei, zur batean honako bertsoa pirograbatuta: «Arriaranen biziraupena / dagoenean galzori, / garrantzitsuak izan zarete, / ez soilik ehun urteko bi, / zuek duzuen eskarmentutik / eman diguzue jori, / historiako liburuetan / idazten ez duten hori».

Beasaineratu zireneko 2027ko mendeurrenari begira, arian-arian ari dira, iraganetik orainera eta orainetik gerora, kateari eusteko ahaleginean urratsak egiten. Beste ehun urte barru ere arriarandarrak elkar daitezen.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa