Ormaiztegiko Antoneneko etxebizitzen proiektuaz bilera
Ormaiztegiko Antonene eremuan kooperatiba erregimeneko etxebizitzak eraikitzeko proiektuaren berri emateko bilera egingo du Ormaiztegiko Udalak gaur, 19:00etan, Gizarte Etxeko Ekitaldi Aretoan. Proiektua bere osotasunean ezagutzera emango dute bileran: erregimen kooperatiboaren ezaugarriak, etxebizitzen tipologia, planoak, prezioa eta abar.
Kanalak irekiko dituzte etxebizitza-eskatzaileek izena eman dezaten. Gidatum Group izango da promotorea eta Bietem arkitekturak diseinatu ditu etxebizitzak.
Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Ormaiztegin orain garatzeko moduan dagoen eremua da Antonene: «Urteak daramatzagu etxebizitzak egin nahian, eta ahalegin desberdinak eginez. Promotoreei bidea erraztu nahian Ormaiztegiko Hirigintza Antolatzeko Plan Orokorra aldatzeari ere ekin diogu, urtetako tramitazioa eraman duena».












