Plazetatik aretoetara egin dute salto
Kimua Dantza Kolektiboa 'Generoak' ikuskizuna «berritu» du: barrualdeetarako bertsioa sortu dute, eta, esaterako, argi ikuskizuna txertatu dute. Baina muina bera da: generoaz hausnartzea. Ostiralean dute estreinaldia Beasaingo Usurbe antzokian.
Generoak dantza ikuskizuna bueltan da. Baina Kimua Dantza Kolektiboko kideek eraldatu egin dute emanaldia: kalean egin beharrean dantza, aretoetan egingo dute aurrerantzean. Hala, emanaldia «aberatsagoa» izango da, argiekin jolastu ahal izango dutelako eta soinuaren kalitatea hobea izango delako, esaterako.
«Beste ikuskizun bat» dela diote Eneko Galdos Kimuak0 partaide zumarragarrak eta Ekaitz Goikoetxea poeta beasaindarrak. «Ikuskizun berria da. Oinarria bertsua izan arren, koreografia eta testu asko berriak dira, eta beste asko egokitu egin dira», esan du Goikoetxeak. «Irabazi egin du», gaineratu du. «Lan asko egin da», aitortu du Galdosek. «Baina emaitza ikusgarria da. Argiak mugimendu bakoitza indartu egiten du». Lehendik Generoa ikusita duena ere animatu du ikustera. «Ez da damutuko», hitz eman du.
Estreinaldia Beasainen
Beasainen egingo dute estreinaldia, bihar. Usurbe Antzokian arituko dira, 19:00etan. Eusko Jaurlaritzaren Dantza Zirkuituarekin sinkronizatutako emanaldia izango da. Sarrerak salgai daude, Kutxabankeko webgunean eta bihar, ikuskizuna hasi aurretik, aretoko leihatillan. Hurrengo saioak Sopelan (Bizkaia) eta Azpeitian (Gipuzkoa) izango dira. Goierrin ez dute geldialdi gehiagorik aurreikusita, baina Galdosek ez du baztertu. «Ikuskizuna aurkeztutakoan etorriko dira emanaldi gehiago».
Goikoetxea ez da horren baikorra: «Iruditzen zait garai batetik hona publikoaren erantzuna jaitsita dagoela. Pena da». Halere, euren kasua ez dela nabarmendu du. «Izan garen herri guztietan plaza beti egin dugu. Eskertuta gaude».
Kalekoari agurrik ez
Kale ikuskizuna ez dute baztertuko. Orain arte izandako erantzunarekin «oso gustura» daudenez ezin zutela baztertu diote. «Baina, aldi berean, ikusten genuen aretoetarako ikuskizuna behar genuela, udazkenen eta negu parterako. Egunak laburragoak eta ilunagoak dira, hotzagoak, euritsuagoak… areto edo zinetarako egokitu behar zela argi genuen», onartu du Goikoetxeak.
Kaleko ikuskizunaren muinari eutsi diotela errepikatu du Galdosek. Hau da, frogatuko dute dantzak ez duela generorik, eta generoaren araberako banaketak zentzurik ote duen hausnartzera bultzatuko dute ikuslea. «Ikusi dugu eragiten ari garela», aipatu du. «Dantzaria dantzan hasten denean ikusleak dantzaria ikusten du, eta ez du inolako generorik. Horregatik, dantza tresna egokia da generoaren auzia lantzeko».