Gazteekin azken saio bat egingo du udalak 2030 agenda osatzeko
Idiazabalgo Udalak herriko 2030 agenda eratzeko bideari ekin dio. Herriko ikuspegi eta pertzepzio ezberdinak jasotzeko bilerak egin ditu sektore ezberdinekin irailean eta urrian. Ongizate, adineko, merkatari, industria, landa natura ingurumen, kirol, kultura eta euskara arloetako eragileekin izan dituzte elkarrizketak. Udalak azaldu duenez, «ikuspegi zabalagoa» izateko, hezkuntzako eragileekin eta herriko gazteekin azken saio bat egingo dute. Urriaren 27an izango da, 18:00etan, udaletxeko areto nagusian. Prozesua irekia da eta ekarpenak egin nahi dituzten herritar guztiek parte hartu dezakete. Interesa dutenek 667 205 109 zenbakira deitu behar dute izena emateko.
Azaroan bilera batera deituko dituzte herritarrak diagnostikoaren emaitzak aurkeztu eta 2030erako ikuspegia lantzen hasteko. 2030 Agendak Nazio Batuen Erakundeak adostutako 17 helburu jasotzen ditu, arlo ezberdinetakoak. Helburu horiek Idiazabalgo egoerara egokitu eta jarraibide batzuk zehaztuko dituzte prozesuaren bidez.












