Ipuin, bertso eta marrazki sariketara aurkezteko epea irekita dago
Elorri kultur elkarteak eta Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri euskara elkarteak 19. aldiz antolatu dute sariketa. Ikastetxeetan lanak entregatzeko azken eguna azaroaren 16a izango da
Ipuin, bertso eta marrazki sariketara lanak aurkezteko epea zabalik dago. Euskal mitologian oinarrituta, lan orijinalak aurkeztuko dituzte Ipar Euskal Herriko zein Goierriko hainbat ikastetxetako haurrek. Elorri kultur elkarteak eta Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri euskara elkarteak antolatu dute sariketa, 19. aldiz. Sustatzaileetako bat izan zen Joxean Ormazabal, eta omenaldi gisa haren izena darama sariketak.
Euskara eta euskal kultura suspertzeko eta indartzeko helburuarekin sortutakoa da, antolatzaileek azaldu bezala, «Euskal Herriko haurren esamolde eta euskalki ezberdinez elkar ezagutzeko aukera» ematen duena. Segurako, Zeraingo eta Mutiloako haur eta gaztetxoek parte hartuko dute, baina baita Iparra Hegoan parte hartzen duten ikastolek eta Goierrik hainbat bertso eskola eta ikastetxetako ikasleek.
Ikastetxeetan lanak entregatzeko azken eguna azaroaren 16a izango da. Segurako Elorri elkartean, 647 052 529 zenbakian edo Urruñako Xala Ostatuan, aldiz, azaroaren 18ra arte egongo da aukera. Ipuinak eta marrazkiak banaka egin behar dira. Bertsoak, berriz, banaka egin ditzakete lehen bi adin taldeetakoek, eta azken adin taldekoek banaka egin beharko dituzte. Sari banaketa abenduaren 10ean izango da, 12:00etan, Botikaxahar kulturgunean.
Joxean Ormazabal
Elorri eta Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkarteekin batera, Joxean Ormazabal (Zegama, 1948-2010) idazleak sustatu zuen sariketa hastapenetan. Haur literatura arloan idazle, editore zein itzultzaile lanak egin zituen zegamarrak.













