Emaion hasi da erromeria bila
Legazpiko musika familia handitu egin da azken hilabeteetan, Emaion taldearen sorrerarekin. Debutatu eta hiru hilabetera, aurtengo Subeltza egunean joko du. Bihar da kontzertua, Azokan.
Talde berri bat gehitu da Legazpiko musikarien familia handira. Emaion du izena eta sei gaztek osatzen dute. Udan debutatu zuten, eta bihar Subeltza egunean joko dute.
Subeltza kolektiboko kideak dira, eta musika jaialdi horrek herritarren eta kanpotarren aurrean aurkezteko aukera paregabea eskaintzen die. Musikari beteranoagoekin osatuko dute karteldegia: Legazpi bertako Elbe- reth eta Jonh Dealer & The Cocunuts, eta kanpotik datozen Capsula, Los Notas, Oxida eta The Bluesy Boys. Jaialdia 17:30ean hasiko da, Azokan, eta Emaion taldeak bigarren lekuan joko du, 18:30ean, Los Notasen ondoren.
Debuta, San Ignazio jaietan
Emaion taldekoak gazteak dira, 2004 eta 2006 urte bitartean jaiotakoak direlako, baina esperientzia badute taula gainean. Doinua Musika Eskolan heziak dira musikari gisa, eta bertan sortutako konbo talde batean aritutakoak dira gehienak. Mattin Merinok bateria jotzen du, Luken Francok eta Mikel Pinillak gitarra, Aimar Altzelaik baxua, Maier Iartzak trikitixa, eta Mirene Etxeberria abeslaria da. Trikitixa dutenez, erromeria giroko musikaren aldeko apostua egin dute, bereziki euskal abestiak.
San Ignazio jaietan egin zuten debuta, uztaila amaieran, txosnan eman zuten kontzertuarekin. Seikotea osatuta zegoen, eta dagoeneko musika jotzen hasiak ziren, baina publiko aurrean ez oraindik. Horregatik, San Ignaziokoen gonbidapena onartu, eta kontzertu gehiago etorri ziren ondoren.
Subeltzako kide
San Ignazioko debutaren ondoren, Subeltza kolektiboekin jarri ziren harremanetan, eta entseatzeko txoko txiki bat lortu zuten Bikuña Txikiko lokaletan. Egoitza ezarrita, txosnekin eta tabernekin harremanetan jarri ziren euren burua eskainiz, eta Karibe Zaharrekoen deia jaso zuten. Urriaren 21ean jo zuten, taberna bete-betea zela.
Bihar Subeltza eguneko kontzertua dute, eta gero Ormaiztegiko jaietan joko dute hilaren 19an, txosnetan. Ez dira orain festetarako eta erromerietarako garairik onenak, baina hurrengo urteari begira jarrita daude, eta urte polita izango delakoan daude. Emaion, behintzat, prest eta gogotsu dago 2023ko festak girotzeko. Instagram bidez kontaktatu daiteke taldearekin, @emaaiioon kontuan, edo posta elektronikoz: eemaaioon@gmail. com helbidean.