Indarkeria matxista jasaten duten emakumeentzat babes pisua jartzeko eskatu diote Beasaingo Udalari

Goierriko Itaiak salatu du "udalak ez duen baliabide bat eskaintzen duela faltsuki bere webgunean".

Goierriko Itaiak joan den larunbatean Beasainen egin zuen agerraldiaren irudia. Argazkia: Goierriko Itaia (Twitter)

Goierriko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak eta Indarkeria matxistari aurre egiteko asanbladak eskaera zuzen bat egin diote Beasaingo Udalari: etxe giroan indarkeria matxista jasaten duten emakumeentzako babes pisua jartzeko. Joan den larunbatean prentsaurreko baten bidez egin zioten eskari hori udalari.

“Babes sozial zein baliabide ekonomikoen gabezian aurkitzen diren emakume langileek ez dute egoera horretatik ateratzeko aukera duinik herrian. Izan ere, gaur-gaurkoz, Beasainen ez da existitzen egoera horri aterabidea emango liokeen babes pisurik. Hori gutxi balitz, gogor salatu nahi dugu udalak ez duen baliabide bat eskaintzen duela faltsuki bere web orrialdean”, salatu du Goierriko Itaiak.

Haien iritziz, informazio “faltsu hori emakume langilearenganako engainu bat” da, eta gainera, “berdintasun aldarriekin lortu nahi duten aurpegi zuriketaren atzean ezkutatzen den borondate eta baliabide ezaren isla da”.

Babes pisuak, “oinarrizko babes mekanismoak”
Itaiako kideak jakitun dira babes pisu batek ez diola inondik inor indarkeria matxistaren errealitateari “aterabide errealik” ematen. “Izan ere, ulertzen dugu indarkeria matxistarekin amaitzeko martxan jartzen dugun borroka orok helburu izan behar duela egoera hau normalizatzen duen gizarte eredua gainditzea”. Hori dela eta, babes pisuak “beharrezko eta oinarrizko babes mekanismo modura” ulertzen ditu Itaiak, eta uste du herri guztietan egon beharko liratekeela.

Horregatik, “hain oinarrizkoa den baliabide hori berreskuratzeko” eskatu diote udalari batetik, eta bestetik, “indarkeria matxistari nahiz emakume langileon kontrako zapalkuntzari aurre egiteko instituzio burgesen fartsatik kanpo antolatzeko” deia egin du Goierriko Itaiak.

 

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa