Min hartutako motozale bat helikopteroz atera dute Ataungo mendi aldetik
Ataundik Lizarrusti alderako mendi bide batean moto-krosa egiten ari zela erori, eta aldakan min hartuta mugitu ezinik geratu zen, atzo igandea, eguerdian. Beste inola ateratzeko leku zailean zegoenez, helikopteroak jaso eta eraman du Zumarragako Ospitalera.
Ataungo mendi aldean 32 urteko motozale bat erreskatatu zuten, atzo eguerdian, larrialdietako zerbitzuek. Moto-krosa egiten zebilen gaztea, Ataundik Lizarrusti alderako mendi bideetan. Erori, eta aldakan min hartu zuen. Mugitu ezinik gelditu zen, eta lagun batek hots egin zuen larrialdietara 12:40 inguruan.
Istripuaren lekura suhiltzaileak, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Ataleko kideak eta helikoptero bat eta Oriako Ertzain-etxeko baliabideak mugiarazi zituzten. Erreskate-lanak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikari batek koordinatu zituen.
Baso malkar batean zegoenez, eta beste modu batera handik ateratzeko zailtasunengatik, azkenean helikopteroak jaso zuen zauritutako motozalea. Zumarragako Argixao futbol zelairaino airez eraman, eta han anbulantzia batek hartu zuen, Zumarragako Ospitalera eramateko.
Erreskatearen bideoa (Ertzaintza).