Ainhoa Sanzek Euskadiko kros txapelketa irabazi du asteburuan
Lau itzulietatik lehendabizikoan aldea atera die aurkariei eta nagusitasunez bereganatu du txapela. Goierri Garaia klubak taldekako sailkapena irabazi du
Ainhoa Sanz urretxuarrak Euskadiko kros txapelketa irabazi zuen herenegun, Donostian. Txapelketa Donostiako nazioarteko krosaren 66. edizioaren baitan jokatu zen, hipodromoan. Euskal Herriko nahiz atzerriko korrikalariak lehiatu ziren: Purity Chepkiruik irabazi zuen sailkapen orokorra, baina Sanz izan zenez lehen euskal herritarra, txapela berarentzat izan da. Aurretik ere Euskal Herriko txapeldun izandakoa da.
Sanzek lasterketa «gogorra» izan zela esan du, baina «oso pozik» amaitu duela. «Azken bolada honetan arazo fisikoak izan ditut. Hori dela eta, ez diot helbururik jarri nire buruari. Nire helburua osatzea zen», zehaztu du. Gainera, zirkuitua oso lehor zegoen eta Sanzek nahiago du lokaztuta egotea.
Jone Fuente eta Maite Etxezarreta gazteek osatu zuten podiuma. Lau itzuli eman behar zizkioten zirkuituari, ia bederatzi kilometroko, eta lehendabizikoan egin zuen alde urretxuarrak.
Taldekakoa ere Goierrira
Goierri Garaia klubak emakumezkoen taldekako sailkapena irabazi zuen. Korrikalari bakoitzaren postua puntu bilakatu zuten: lehendabizikoari bat, bigarrenari bi… Lehen lau korrikalarien puntuak batuta gutxien zituen kluba izan da garailea.













