Disfrutatzeko eguna Beasaingo futbolarentzat
Bihar, 18:00etan, Gijongo Sportingen aurkako jokatuko du Beasainek Loinatzen futbol zelaian. Igor Gordobil entrenatzaileak «hankak lurrean» ditu; Aitor Irizar zalea, berriz, partida eguna iristeko «gogotsu» dago.
Errege Kopako lehenen kanporaketako partida jokatuko du Beasain Kirol Elkarteak Gijongo Sporting taldearen aurka, bihar, larunbata, Loinatz udal futbol zelaian, 18:00etan hasita. Igor Gordobil talde beasaindarraren entrenatzailea «lasai» dago, «presiorik gabe». «Disfrutatzeko eguna» izango dela adierazi du egun handiaren atarian.
Ez dela astebururo horrelako hitzordu bat jokatzeko aukera izaten aipatu du entrenatzaileak. «Aurreko denboraldian egindako lanaren saria da» gaineratu du Gordobilek.
Arerioaren inguruan esan du Sporting talde «handia» dela eta ez dituela gauzak erraz jarriko. Markagailuak noren alde egingo duen iragartzen, ordea, zaila da. Edozer gerta liteke. Aste honetan albiste da gainera Sporting taldeak baja garrantzitsu ugari izango dituela, eta bigarren taldeko jokalari askorekin etorriko dela Beasainera. Horrek, aukera bat zabal dezake; «gu ahaleginduko gara gure onena ematen».
Dena den, «hankak lurrean» ditu entrenatzaileak, eta esan du, taldearen helburua liga «txukun bat» egitea dela, kopan aurrera egitea baino. Gauzak horrela, nahiz eta konturatu hitzordu «berezia» dela, partidara begira «erritmo onean» baina «nolabaiteko normaltasunarekin» lan egiten ari direla aipatu du.
Zaletuak, «gogotsu»
Taldearen zaletuei dei egin zaie. Sarrerak salgai daude aldez aurretik Xerbera tabernan, Nafarroa etorbidean. Bertan biltzen dira klubaren zaletuak eta nabari da ez dela ohiko hitzordua.
Aitor Irizarrekin hitz egin du GOIERRIKO HITZAk. Beasain taldeko jokalaria eta atezainen entrenatzaile izandakoa da Irizar, eta Beasain taldeko zaletua «betidanik». «Gogotsu» dago larunbata iritsi eta zelaira joateko. Esan du garaipena lortzea «oso-oso handia» izango litzatekeela.
Aitortu du zaleak erakartzeko «aukera garrantzitsua» izango dela. Maiatzeko igoera kanporaketetan nabaritu zen harmailetan bero gehiago bere ustez, eta uste du, asteburuan giro ederra biziko dela. Zaleen babesa sentitzea dela «bultzada handi bat» dela azpimarratu du. Herritarrei animatzeko deia egin die.