Iñaki Murua: ''Bertsotan jendaurrean egotean esperientzia gradu bat da, baina parkinsonak ez du hori errespetatzen''
Gabiriar bertsolaria ETB1-eko Biba zuek telebista saioan izan da. Kontatu duenez 50 urterekin diagnostikatu zioten gaitza, nahiz eta aurretik sintomak sumatzen zituen.
Iñaki Murua gabiriar bertsolari eta urte askoan Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari izana ETB1eko Biba zuek telebista saioan izan da. Bertsolaritzari eta parkinson gaitzari buruz aritu da berriketan Xabier Sukia eta Maddalen Arzallus aurkezleekin. ”Bertsotan jendaurrean egotean esperientzia gradu bat da, baina parkinsonak ez du hori errespetatzen” da Muruak utzitako titularretako bat.
Kontatu duenez 50 urterekin diagnostikatu zioten parkinsona, baina aurretik ere sumatzen zituen sintomak, bertsotan egitean ahotsak dar-dar egiten baitzion. Ebakuntza bat egin zioten eta sintoma batzuk arintzeko balio izan zion. Parkinsona “oraingoz eramangarria” egiten zaiola adierazi du, “ondo bizi” dela, eta “umorez hartzen” saiatzen dela.