Iñigo Ansolaren hitzaldira gerturatu dira herritarrak
ZerainLabek antolatutako udazken kulturaleko hurrengo jarduera asteazkenean egingo da. 'Olentzero, nora zoaz?' hitzaldia egingo du Oier Araolaza dantzari, kazetari eta antropologoak.
Zerainlabek antolatutako udazken kulturala hasi da. Atzo, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak hitzaldia egin zuen Zeraingo elizan, energiaren erronkaren aurrean herritarron eginkizunaren inguruan. Jende ugari gerturatu zen entzutera. Hurrengo jarduera asteazkenean izango da. Oier Araolaza Arrieta dantzari, kazetari eta antropologoak Olentzero, nora zoaz? hitzaldia egingo du elizan, 18:30ean.
Eguberrietako sinbolo nagusien inguruko gogoeta proposatuko du Araolazak, festek eta erritoek hartu duten norabidea abiapuntu izanda. Zerk bereizten ditu Olentzero eta Santa Claus? Olentzero emazte gabe agertzea egokia al da? Irudikatzen al dugu Olentzero emakumerik?. Horrelako galderak planteatuko ditu solasaldian. Neguko festen ikertzailea da, eta Halloween eta Arimen Gaua, Olentzero eta Mari Domingi eta inauteriak ospakizunei buruzko hainbat artikulu, ikerketa eta hitzaldi egin ditu.