Kimuene gunea handitzen ari da Zaldibiako Udala, kultura arloan erabiltzeko
Artxanberri kaletik sarbidea izango duen 145 metro koadroko aretoa egokituko dute. Taldeen entseguetarako bideratuko dute batez ere. Abenduan obrak bukatu, eta urtarrilean irekiko dute.
Zaldibiako udal eraikin publikoen berrantolaketa burutzeko, Kimuene guneko kultura-azpiegitura burutzeko bigarren fasea abian du udalak. Urrian lanak hasita, 145 metro koadroko aretoa egokitzen ari dira. Abenduan lanak baukatu, eta urte berriarekin erabilgarri jarri nahi dute.
Artxanberri 1-2 atarien behealdeko herri jabetzako lokaletan dago areto berria ere. Kimuene kulturgunea 2018ko abenduaren 3an inauguratu zuten, zazpi gela, areto nagusi bat, bi biltegi eta komunekin, aisialdirako eta kultur jarduerarako.
Orain, bigarren zatia egokitzeko, kale-mailako solairuan antolatuko dute aretoa, kulturgunearen eta udal biltegiaren tartean.
Emanaldi publikoak egiteko baino gehiago, taldeen entseguetarako erabiliko da Kimueneko aretoa. «Publikoarekin egiteko, antzokia dago», argitu du Eztitxu Mujika alkateak. Kimuenen, lehendik han ezarrita dauden musika eskolak, dantza taldeak edota bertso eskola prestaketarako lokal zabala edukiko dute. «Kultur etxe zaharra botatzeak baldintzatuta egin zen, 2018an, Kimueneren zati bat, baina osoa ezin zen. Honekin osatu egingo da», dio alkateak.
Neurriz handiena
Areto berria izango da neurriz handiena. «Kultura arloan diharduten taldeei zerbitzuak eman nahi zaizkie hor; bai taldeei, baita norbanakoei ere. Oraindik eskaririk izan ez den arren, musika talde bat sortu nahi dutenen entsegu-leku bezala, edo instrumentu bat jotzen duenak irabili ahal izateko». Erabilera «ahal den irekiena» izan nahi du.
Horrez gain, espazio bera partekatuta, kultur talde edo ekimen ezberdinen arteko lankidetza piztea nahi du udalak: «Elkarrekin gauzak sortzea sustatu nahi dugu, bakoitzak bereak isolatuta egin beharrean; bertso musikatuak, dantza sartuta…».
Bestetik, asteburuetan aisialdirako erabili ahalko da areto berria. Barrutik ezezik, sarbidea kaletik zuzenean ere edukiko du. Beirate edo leiho handiak izango ditu. «Kortinekin itxi ahalko da, baina kanpotik oso bisuala izango da, eskaparate baten modukoa». Tailerrak emateko ere erabil liteke.
Areto berriaren erabiltzaile bat Iztueta dantza taldea izango da, entseguak egiteko. Orain Luberri etxeko beheetan aritzen dira, eta udal lokal haren «karga» arinduko da, behin lekuz aldatutakoan. «Luberriko aretoan kirolari lotutako lanketa bat egitea pentsatzen ari gara», aurreratu du Mujikak.
2022 urterako helburua
Areto berriaren proiektua 2022. urterako helburutzat hartu zuen udalak. Bi esleipen deialdi hutsik geratu ondoren, hirugarrenean lortu zuen eraikitzaile batek lanak hartzea. 75.000 euroko inbertsioa eskatuko du, horietatik 44.729,56 euro Gipuzkoako Foru Aldundiaren landa-herrien garapenerako laguntzatik finantzatuta. Beste zati bat Europako Leader diru laguntzetara aurkeztua dago, ebazpenaren zain.