Lan mundua euskalduntzen
Euskararen erabilera normalizatzeko helburuarekin sortu zen Emun kooperatiba duela 25 urte. Enpresetan diagnostikoa egin, euskara planak sortu eta garatzen dituzte. 87 langileko lantaldean, hamasei goierritarrak dira.
Lan mundua euskalduntzeko dinamika bateratua aurkeztu dute Kontseiluak, eta ELA eta LAB sindikatuek Euskaraz lan egitea, eskubide kontua da lelopean. Geroz eta aditu eta aritu gehiagok aldarrikatzen du euskararen normalizazio prozesuak beharrezko duela lan-munduaren euskalduntzean jauzia egitea. Baina, tamalez, gaur egun %1era ere ez da iristen euskara-planak dituzten entitateen ehunekoa, eta enpresen botere harremanek langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatera behartzen dute. Euskaraldiko hamabost eguneko testuinguruan garatuko dute kanpaina, eta ariguneen bidez enpresek Euskaraldian parte hartzea bilatuko da, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handiagotzeko helburuarekin.
«Desagertzeko asmotan» sortu zen Emun taldeak 25 urte daramatza enpresak euskalduntzen, euskara planak garatuz. Hamasei goierritarrek lan egiten dute Emunen; tartean Karmele Etxabe zaldibiarrak. «Gai sozialak konponduko dira eta listo, gure lana bukatuko da, pentsatzen genuen. Baina ez dira bukatzen. Euskara planekin ikusten dugu zein ibilbide egiten ari garen. Aurrerapauso handiak egin dira, noski, 25 urtean. Beste gai sozial batzuetan, genero berdintasunean, eta parte hartzean badago zer egina. Garbi dago». Lanik ez zaie falta Emunekoei.
Goierrin ere eragiten jarraitzen du Emunek, sektore desberdinetan. «Irizar, Indar, Ezarrin berdintasun plana, Eredu, Ederfil, Ulma Forja, Zegamako Udalean, Beasaingo etorkinentzako harrera plana sortzen, Ordizian udalak sustatuta Ordiziako enpresak euskara planetara erakartzeko sustapena egiten, Lorteken ibili izan gara…».
Erreportaje osoa Goiberri.eus webgunean.