“Zorionez, bezero eta langile oso onak izan ditugu”
Urriaren 31n izan zuen azken laneguna Legorretako saltokirik zaharrena zenak: Arregi okindegiak. “Hainbeste urtez irekita egonda, arraro samar egiten da itxita ikustea, bai”, aitortu du Marivi Goiak.
Urriaren 31n izan zuen azken laneguna Legorretako saltokirik zaharrena zenak: Arregi okindegiak. “Hainbeste urtez irekita egonda, arraro samar egiten da itxita ikustea, bai”, aitortu du Marivi Goiak. Urduritasun eta emozio handiko egunak izan direla kontatu du. “Zorionez, bezero eta langile oso onak izan ditugu. Herri txiki bateko denda bat izan gara. Herrian, batzuentzat panaderiakoak gara, eta, beste batzuentzat, denda zaharrekoak”. Egunotan, jende asko joan zaie kalean, denda ixteak egundoko pena eman diela esatera, beren haurtzaroko denda guztiak itxita daudelako jada.
Haren aitona-amonek ireki zuten saltokia. Errezildarra zuten aitona, Juan Arregi, eta beizamarra amona, Tomasa Elosegi. Aitona, hasieran, Ordizian aritu zen okin. Okindegi propioa nahi zuten, ordea, eta, Legorretan ez zegoenez halakorik, hara jo zuten, Etxezarreta paper fabrikako nagusiak aholkatuta. Ez dakite ziur noiz izango zen, baina Goiak dio duela 90 urte baino gehiago jarriko zutela martxan Arregi okindegia.
Legorretan bertan, beste toki batean zegoen aurrena, baina uholdeek labea izorratu zuten, eta, 1955ean, gaur egun denda eta etxea duten eraikina egin zuten, labe berria jartzeko. Aitona gazte hil zen, eta amonak jarraitu zuen, Goiaren amaren, osabaren, izebaren eta langile batzuen laguntzarekin. “Badut horri lotutako anekdota bat. Aitona Baliarrainera joaten zen ogia banatzera. Egun batetik bestera hil zen, eta amona-eta oso kezkatuta omen zeuden, ez baitzekiten nola egin banaketa”. Ezagun batek esan zien astoari kasu egiteko. “Eta hala egin zuten. Astoa kargatu, eta baserriz baserri joan omen ziren: astoa geratzen zen tokietan, ogia uzten zuten; beste baserri batetik pasatzean ez bazen geratzen, horrek esan nahi zuen han ez zutela utzi behar. Horrela moldatu omen ziren lehen egunetan”.
Erreportaje osoa Gipuzkoako Hitzan irakurgai.