Zumarragak Espainiako Merkataritza Saria jaso du
Gasteiz On elkartea, Guardiako eta Laudioko merkatari elkarteak eta Donostiako Benegas eta Pukas dendak eta Bilboko Los Encajeros ere saritu dituzte.
Zumarragak Espainiako Merkataritza Saria jaso du, 25.000 biztanletik beherako udalen sailean. Merkataritzaren digitalizazioa bultzatzeagatik eta azoka modernizatzeagatik saritu dute.
Sari banaketa ekitaldia atzo izan zen, Zelai Arizti aretoan. Sarituen artean Hego Euskal Herriko hainbat elkarte eta enpresa ere badaude.
Gasteizko merkataritza sustatzea helburu duen Gasteiz On elkarteak aire libreko merkataritza guneei dagokien saria irabazi du. Sail horretan bertan, Guardiako (Araba) enpresen dinamizaziorako elkarteak aipamena lortu du eta Laudioko (Araba) merkatari elkarteak accesita.
Merkatari txikiei dagokien sailean, Donostiako Benegas lurrin-dendak eta Bilboko Los Encajeros dendak aipamena lortu dute eta Donostiako Pukas Surf dendak accesita.
Sari banaketa ekitaldian Reyes Maroto Merkataritza ministroak parte hartu zuen. Maroto ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago heldu zen Zumarragara eta udalak Europako Next Generation funtsekin berritu dituen Euskadi plaza eta Soraluze kalea bisitatu zituen.
Oinezkoentzako egin duten Soraluze kaletik heldu zen plazara, hain zuzen ere, Denis Itxaso Espainiako gobernuaren ordezkariarekin. Plazan, Mikel Serrrano alkatea, PSE-EEko zinegotziak eta PSE-EEko hainbat kargudun zituzten zain: Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua, Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidrauliko diputatua eta Marisol Garmendia Donostiako alkategaia, besteak beste.
Azokako obra bisitatu ondoren, Zelai Arizti aretora joan ziren. Kanpoaldean Irizar kooperatibarentzat lan egiten duen garbiketa enpresako langileek protesta egin zuten. 80 egun daramatzate greban eta ministroari beraien aldarrikapenen berri eman zioten.
Zumarragako alkatea izan zen hitza hartzen lehena. «Merkatari txikiek Zumarragari bizia ematen diote. Zumarragaren bihotza dira. Profesionaltasun eta gertutasun eredu dira. Ahalegin handia egin dute egoera berrira egokitzeko eta gure laguntza osoa dute».
Hurtadok merkataritzak erronka asko dituela gogoratu zuen. «Merkataritzak erronka gogorrak ditu: krisia, digitalizazioa, klima aldaketara egokitu beharra, merkatarien zahartzea… Indarrak batu beharra dugu. Eta alkate ausartak behar ditugu. Apustuak egingo dituztenak. Espazio publikoa herritarrentzat izan behar da. Zumarragan egiten ari diren bezala. Kaleak oinezkoentzat egiteak merkataritzari mesede egiten dio eta merkataritzak herriei bizitza ematen die».
Xiana Margarida Mendez Estatuko Merkataritza idazkariak ere hitza hartu zuen. «Azken urtebetean merkataritzak gora egin du, baina erronka asko daude eta guztien arteko elkarlana beharrezkoa da. Kontsumo ohiturak aldatu egin dira, baina gehiengoari dendetan erostea gustatzen zaio. Hori bai, bezeroek gehiago eskatzen dute. Erosketa esperientziak bizi nahi dituzte. Eta merkatariek Internet bidez ere saldu beharra dute. Online saltzen den oso zati txikia dagokie merkatari txikiei. Hor hobetzeko aukera dago», aipatu zuen.
Ministroaren hitzak
Hitza hartzen azkena ministroa izan zen. «Sari banaketa hau ministerioan egin ohi dugu, baina aurten merkatariengana gerturatzea erabaki dugu. Euskadik proiektu asko aurkeztu ditu eta gaur sari asko eskuratu ditu. Gainontzekoak horren gogor lan egitera animatzen ditut».
Bukatzeko, merkatariei eskerrak eman zizkien. «Merkatarien ekarpena ekonomikoa eta soziala da. Pandemian ezinbestekoak izan zineten. Herritarrak dendetan kontsumitzera animatu nahi ditut eta merkatariei eta merkatari elkarteei eskerrak eman nahi dizkiet».