Aizpea gaztandegiak irabazi du Aizkorri-Aratzeko 23. Gazta Txapelketa
Bigarren eta hirugarren postuak Arabara joan dira, Araiara. Bigarren saria Unai Lekuonak jaso du eta hirugarrena Aixtra gaztandegiak. Hamabost gazta aurkeztu dira, zortzi ketu eta ketu gabeko zazpi. Herriko abereen erakusketa-lehiaketa ere egin dute, eta artisau postuak izan dira plazan, Aitxuri eskolako patioan zein Toki-Alai pilotalekuan.
Olaberriko Aizpea gaztandegiak irabazi du Aizkorri-Aratz parke naturaleko 23. Gazta Txapelketa. Urbia inguruan dute txabola Mikel Etxezarreta eta Eli Arrillagak, Ttontor izenekoa. Bigarren eta hirugarren sariak Araba aldera joan dira, Araiara. Unai Lekuonak eta Aixtra gaztandegiak jaso dituzte. Hamabost gazta aurkeztu dituzte lehiaketara, zortzi ketu eta zazpi ketu gabeko.
Ordubatak puntuak bukatu du epaimahaiak gaztak dastatzeko lana, eta ordu erdiren buruan banatu dituzte sariak. Honakoak aritu dira epaile lanetan: Jose Luis Arrizabalaga zine ekoizle zegamarra, Jose Ramon Agiriano Idiazabal Gazta Jatorri Izendapeneko teknikariak, Maritxel Borras Sant Sadurni D’Anoiako zinegotziak, Nerea Alias telebista aurkezle anoetarrak, Jordi Fabregas Seu de Urgelleko zinegotziak, Maria Redondo aktore legazpiarrak, Marisol Vicente Idiazabal Gazta Jatorri Izendapeneko teknikariak eta Jon Ander Peña pilotari tolosarrak.
Goizean azoka kutsua hartu du Zegamak, San Martin feria eguna ospatu baitute. Plazan, Aitxuri eskolan eta Toki-Alai pilotalekuan artisau postuak egon dira, eta kalean herriko abeltzain eta artzainen abelburuak. Gaztaren sari banaketaren aurretik eman dizkiete sariak herriko ganaduzaleei. Baserritar jantzi dotoreenaren zozketa (irabazlearen sei gazta opari) eta Gazte Herexaren zozketa ere egin dute. Iñaki Olarte izan da azken horren irabazlea.
Urtero bezala, Julian Belokik aurkeztu du lehiaketa eta sari emate ekitaldia.
Herriko abere lehiaketako sarituak
Honakoak dira herriko abere lehiaketako lehenengo sariak.
- Ardiak. Ioritz Etxeberria.
- Bildotsak. Juan Azurmendi.
- Ahuntzak. Martzelino Lasa.
- Antxumeak. Ander Lasa.
- Pirinear behiak. Imanol Ruiz de Egino.
- Behi mestizoak. Manuel Zabaleta.
- Behi suitzarrak. Juan Azurmendi.
- Zezenak. Imanol Ruiz de Egino.
- Zaldiak. Joxe Mari Esnaola.
- Etxe-behorrak. Jabier Arrondo.
- Mendi behorrak. Aratz Aizpeolea.