Aizpeak irabazi du Aizkorri Aratzeko 23. Gazta Txapelketa, Zegaman
Hamabost gazta aurkeztu dituzte gaztagileek lehiaketara. Bigarren saria Unai Lekuonak jaso du, eta hirugarrena Aixtra gaztandegiak. San Martin feria eguna ospatu dute herrian
Olaberriko Aizpea gaztandegiak irabazi du Aizkorri-Aratz parkenaturaleko 23.Gazta Txapelketa. Urbian dute Ttontor izeneko txabola Mikel Etxezarretak eta Eli Arrillagak. Bigarren saria Araiako Unai Lekuonak irabazi du, eta hirugarrena Aixtra gaztandegiak, Araiakoa hori ere. Hamabost gazta aurkeztu dituzte gaztagileek lehiaketara, zortzi ketu eta zazpi ketu gabeko. Larunbatean jokatu zen, Zegamako San Martin azokaren barruan.
Epaimahaia Jose Luis Arrizabalaga zine ekoizle zegamarrak, Jose Ramon Agiriano eta Marisol Vicente Idiazabal Gazta Jatorri Izendapeneko teknikariek, Maritxel Borras San Sadurni D’Anoiako zinegotziak, Nerea Alias telebista aurkezle anoetarrak, Jordi Fabregas Seu de Urgell-eko zinegotziak, Maria Redondo aktore legazpiarrak eta Jon Ander Peña pilotari tolosarrak osatu zuten. Julian Belokik aurkeztu zuen lehiaketa eta sari emate ekitaldia. Irabazleak 260 euro, txapela eta trofeoa jaso zuen, bigarrenak 140 euro, eta hirugarrenak 110 euro.
Azoka eguna
Aizkorri-Aratz parke naturaleko Gazta Txapelketa San Martin azokaren barruan egin zen, ohi bezala. Eguerdian banatu zituzten txapelketako sariak. Goizean, plazan, Aitxuri eskolan eta Toki-Alai pilotalekuan artisau postuak izan ziren, eta herriko abeltzainen eta artzainen ganadua kalean. Herriko abere lehiaketa jokatu zen, eta baserritar jantzi dotoreenaren eta Gazte Herexaren zozketak ere egin ziren.
Txistulariek alaitu zuten kaleko giroa. Eusko Labeldun Tolosako babarrunaren dastatzea egin zen eskolako patioan, eta txakolin dastaketa Tartaloetxe elkartean. Arratsaldean, buruhandiak ibili ziren plazan, eta pilotalekuan herritarren arteko eskuz binakako partidak jokatu ziren.













