Zaldibiako plazaren diseinua herritar taldeekin lantzen hasiko dira gaur arkitekto-ikasleak
Aste honetan 'Utopien lantegia' ari dira herrian garatzen EHUko eta Innsbruckeko Unibertsitateko ikasleak, herriko plazari buruz. Lardizabal eskolako ikasleak eta herriko gaztetxoak joango dira udal aretora lehenbizi.
Zaldibiako plazaren diseinua zehazteko prozesuan, astelehenetik martxan dute EHUko eta Innsbruckeko Unibertsitateko (Austria) arkitektura ikasleek Utopien lantegia, Xotil Natke arkitekto eta irakasle zaldibiarraren gidaritzapean. Udaletxeko herri aretoan kokatu dute lantokia, eta han ari dira proiektuari behin betiko forma emateko lanean. Azken fasearen hasiera da, izatez; ikasturte osoa hartuko die lanketak.
Arkitektogaiekin batera, ordea, udalak herritarrentzat ere ateak ireki ditu. Zaldibiarrak edozein unetan joan daitezke udal aretora, beren iritzi, ekarpen eta ideiak ematera, edo ikasleak zertan ari diren bertatik bertara ikustera.
Herriko talde edo sektore jakinentzat bisita bereziak finkatu dituzte, bestetik. Gaur, bihar eta etzi, hainbat eragile, komunitate edo multzo gonbidatu dituzte. Hauxe da ordutegia:
- Azaroak 16, asteazkena. 14:30etik 16:00etara, Lardizabal herri eskolako ikasleak. 17:00etatik 18:30era, 11-15 urte bitarteko gaztetxoak.
- Azaroak 17, osteguna. 16:00etatik 17:00etara, adinekoak. 17:30etik 19:00etara, gurasoak eta helduak.
- Azaroak 18, ostirala. 17:30etik 18:30era, herriko gazteak eta eragileak. 19:00etatik 20:00etara, saio irekia herritar guztientzat.