Letrame argitaletxearen sarietarako izendatu dute Mari Romeroren azken lana
‘Etxetorre Goikoa, donde no existe el olvido’ liburuak Talentua eta Eleberri historikoa ataletan irabazi dezake saria. Irakurleen aldetik oso harrera ona izan du. Durango Azokara eramango du.
Ibilbide motza du oraindik Mari Romeroren Etxetorre Goikoa, donde no existe el olvido eleberriak, baina oso emankorra izaten ari da. Liburua aurkeztu berritan, eta salmenta puri-purian dagoenean, sari garrantzitsu batzuetarako izendatu dute.
Idazle legazpiarraren lana estatu mailako Letrame Sarien bigarren edizioko finalistetako bat da, eta Eleberri historikoa eta Talentua kategorietan irabazi dezake saria. Beste zortzi kategoria daude, eta bakoitzean hamar finalista daude.
Letrame sariak Almerian (Espainia) entregatuko dituzte, abenduaren 22an, argitaletxeak egingo duen gala batean. Legazpiarra han izango da, familiakoez lagunduta.
Sentsibilitatea eta errespetua
Romeroren laugarren eleberria da Letrameren bi sarietarako hautagia, eta bertan memoria historikorako eta genero identitaterako aldarria zabaldu du, Euskal Herriko herri txiki bateko baserri giroan kokatutako kontakizun batekin. Gerra zibilaren ondorengo garaiak eta homosexualitaeaten gaia lantzen ditu bertan.
Letrame argitaletxeak Romerok bi gai horiekiko erakutsi duen «sentsibilatea eta errespetua» izan ditu kontuan bere hautagaitza proposatzerakoan.
Hautagaitza hori argitaletxearen zuzendaria den Luis Muñozen ahotik ezagutu zuen zuzenean . «Telefonoz deitu zidan, liburuaren kalitateagatik zoriontzeko, eta sarien nobela historikoaren atalerako hautatuta nengoela esateko».
Abenduaren 22ko galan emango dira jakitera kategoria guztietako saridunak. Legazpiko idazlea urduri dago, baina hautagaitza bera «nahiko sari» dela dio. «Oso pozik» dago Letrametik iritsitako albiste honengatik, baita liburuak irakurleen artean izan duen harreragatik ere, «jende askok gelditzen nau kalean zoriontzeko, asko gustatu zaiela esaten didate».
Durangoko Azokan
Orain Durangoko Azokari begira dago. Hara eramango du Etxetorre Goikoa, donde no existe el olvido, aurreko liburuarekin batera, Por que no nos dejais entrar.