Aldundiak 374.000 euro bideratu ditu Goierriko bost kirol instalaziotara
Ezkio-Itsaso, Ataun, Zaldibia, Mutiloa eta Lazkao izango dira onuradunak. Lehenengo lau herrietan pilotalekuak egokituko dituzte; Lazkaon, berriz, futbol zelaiko belarra
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak 2 milioi euro emango dizkie Gipuzkoako zenbait udalerriri, lurraldeko kirol-instalazioak hobetzeko. Goierrira ere iritsiko da dirua: 374.000 euro bideratuko ditu Goierriko eskualderako, lurraldeko kirol-ekipamenduetarako.
Ezkio-Itsasok 14.000 euro eta Mutiloak 21.000 euro jasoko dituzte frontoiak egokitzeko. Zaldibiako Resti pilotalekuko argiak Led teknologiaz ordezkatzeko eta argiak pizteko sistema elektroniko bat jartzeko 150.000 euro bideratuko ditu. Ataunek ere beste hainbeste jasoko du Zelai pilotalekua birgaitzeko. Lazkaok, azkenik, beste 150.000 euro eskuratuko ditu futbol-zelaiko belarra aldatzeko eta zelaia argiztatzeko.
Aldundiko Kultura eta Kiroletako diputatu Harkaitz Millanen esanetan, gaur egun, Gipuzkoan, helduen % 75ek egiten du jarduera fisikoa erregulartasunez, eta emakumeen % 72k. «Bestalde, ikasleen % 70ek OMEk eskatzen duen gutxieneko jarduera fisikoa egiten du (egunean ordubete, jarduera fisiko neurritsua edo bizia)».
Millanek nabarmendu duenez, «gure lurraldean kirol-ekipamenduen garapen-maila erabakigarria izan da biztanleen jokabide aktiboko ohituretan. Badakigu jarduera fisikoa egiteko hurbileko espazioak edukitzea biztanleriaren jarduera-mailetan eragina duen adierazle bat dela».
Zeharkako eraginak
Honela, «kirol jardueratik harago, gure gizartearentzako lehen mailako zeharkako alderdietan ere eragiten du, hala nola osasunean, hezkuntzan, bizikidetzan, berdintasunean edo ekonomian».
Gipuzkoan 1.644 kirol-instalazio daude erroldatuta, eta horietatik 298 kirol-ekipamenduen oinarrizko sarean daude. Millanek aurreratu duenez, Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen 2022 Planaren ardatz nagusia da «kirol-ekipamenduen oinarrizko sarea mantentzea eta sendotzea, lehentasuna emanez dauden kirol-ekipamenduak birmoldatzeari eta erreformatzeari, osorik edo partzialki, bai eta ordezkatzeari edo lekualdatzeari ere, baldin eta haien helburua bada kirol-jardueraren ohitura berrietara egokitzea, kirol-zerbitzuen aukera zabaltzea edo kirol-zerbitzuak ematea kirol-esparru guztietan intentsiboki, berdintasunez eta balio anitzez erabiltzeko».













