Bihar jokatuko da Igartzako X. Mendi Duatloia
Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuitua osatzen duten hamabi probetatik azkena izango da Beasaingoa. Amaiera festa egingo dute, trikipoteo, afari eta sari-banaketarekin.
Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuitua bihar amaituko da, Igartzako probarekin. Beasaingoa da zirkuitua osatzen duten hamabi lasterketatik azkena.
Igartzako X. Mendi Duatloia 15:00etan hasiko da, proba herrikoiarekin eta Euskal Herriko sailkapenerako puntuagarria den lasterketarekin. Hiru sektore izango ditu: lehena 6,18 kilometroko mendi lasterketa izango da, bigarrena 11,5 kilometroko ibilbidea mendi bizikletaz, eta hirugarrena 1,2 kilometroko mendi lasterketa. Proba nagusia abiatu eta gero, 15:10ean, haurrentzako eta gaztetxoentxako lasterketa izango da.
Dolarea parkean izango da irteera, aurten lehen aldiz, eta lehen aldiz igoko dira Usurbera ere. Bestela, herrian bertan Igartzako monumentu multzoan itzuli batzuk egingo dituzte kirolariek. Helmuga ere Dolareko parkean egongo da.
Euskal Herriko zirkuituko azken proba denez, amaiera festa egingo dute, trikipoteo, afari eta sari-banaketa eta guzti. Afaria ere izango da, Dolarea jatetxean.
Josu Urrestarazu txapeldun
Zirkuitu honek pisu handia du Goierrin, Igartzakoaz gain, Zegaman eta Arriaranen ere egiten direlako proba bana, eta goierritar batek jantziko duelako gizonezkoen txapela, Josu Urrestarazuk. Biharko probaren faltan, idiazabaldarrak ziurtatuta du Euskal Herri mailako txapeldun titulua. Emakumezkoen txapela Enara Oronozentzat izango da.
Igartzako Mendi Duatloia Igarloi elkarteak antolatzen du, baina hamargarren edizio honekin agur esango dio lan horri. Nekea eta laguntasun falta dira arrazoiak. Hala ere, norbaitek lekukoa hartuko balie, laguntzeko prest daude.