Sorgintxulo aisialdi taldeak berreskuratu du urteroko Kimu-Berri aterpetxeko irteera, eta hurrengo astean, abenduaren 7an eta 8an egingo du. DBH-1 eta DBH-2. mailako ikasleei zuzendutako ekintza da.
Abenduaren 7ko 16:00etan abiatuko dira herriko gaztetxoak Laubideko errotondatik Lakiolarantz, eta gaua bertan igaro ondoren, hurrengo egunean itzuliko dira, etxean bazkaltzeko.
Irteera honek helburu bikoitza du. Batetik, begiraleak eta gaztetxoak elkarrekin euskaraz ongi pasatzea nahi da, eta, bestetik, uztaileko kanpaldira joateko aukera duten gaztetxoekin harremanetan jarri eta elkar ezagutzea.
Izen-ematea
Izen-ematea asteazkenean, hilak 30, egin beharko da, 17:00etatik 19:00etara, Sorgintxulo taldeak Itxaropen 5, behean duen lokalean. Eskoletan banatu zaien izen-emate orria eraman beharko dute gazteek, gurasoek sinatuta, eta dirua (8 euro).
Ekintz a honetarako 30 plaza daude, eta gehiagok ematen badute izena, Sorgintxulok zozketa egingo du egunean bertan, 19:00etan, lokalean.
Sorgintxulo taldeak burutuko duen ekintza hau Haur eta gaztetxoen aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko programaren barruan kokatzen da, Udaleko Gazteria, Euskara eta Hezkuntza zerbitzuek antolatzen dutena.