Italian jaio, Zaldibian bizi, Zumarragan lan egin
Flavio Banterla musikari italiarra Zaldibian bizi da eta Secundino Esnaola musika eskolan lan egiten du. Bigarren diskoan lehenengoz euskaraz abestu du. Bideoklipeko protagonista haren semea da.
Flavio Banterla artista italiarra Erasmus beka batekin iritsi zen Donostiara. Hutsetik hasi eta Euskal Herrian bizitzen geratzea erabaki zuen. Egun, Zaldibian bizi da emaztearekin eta hiru seme-alabekin, eta Urretxuko eta Zumarragako Secundino Esnaola musika eskolan lan egiten du. Euskaraz ikasten ari da eta urtarrilean aurkeztuko duen diskoan euskaraz abestu du lehenengoz.
Disko berriaren izenburua Y/O da. Banterlaren euskarazko lehen abestiaren izenburua, berriz, NNN ZZZ (Nor Naiz Ni Zein Zara Zu) da. Kanta horren hitzak Ovidioren Metamorfosiak olerki bildumaren egokitzapena dira.
Bideoklipa Goierri.hitza.eus webgunean ikus daiteke. Buruhandi eta haur baten arteko adiskidetasunaren istorioa kontatzen du. Ezer ez dela sortzen, ezer ez dela suntsitzen, dena eraldatzen dela, eman nahi da aditzera. Aktore nagusia Mateo da, Flavioren semea. Bideoklipa Zaldibiako Santa Fe jaietan grabatu zuten.
Lan berri horretan Maider Zabalegik eta Tolosako Et Incarnatus orkestrak parte hartu dute. Baita Gorka Benitez saxofoi-jotzaile lekeitiarrak ere. Benitez Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolako irakaslea da.
Banterlak giza izaera arretaz behatzea du gustuko: «Nortzuk gara uste dugun horretatik harago?» galderari erantzuten saiatzen da. Bere musikari dagokionez, Franco Battiatoren eta 1960ko eta 1980ko hamarkadetako italiar musikaren eragina nabaria da.
Batzea eta banantzea
Banterlak bigarren diskoko abestiak batzeari eta banantzeari buruzkoak direla dio. «Bat eginda egoteak, bai besteekin eta bai norbere buruarekin, mesede egiten digu. Bananduta egotea, ordea, gogorra da».
Euskaraz abesteko gogoa zuen. «Oso hizkuntza poetikoa da. Naturari lotua. Euskara ikasten ari naiz, eskolak euskaraz eman nahi ditudalako. NNN ZZZ abestia euskaltegian sortu zen. Oso berezia iruditu zitzaidan gaztelerazko quien esateko euskaraz bi hitz egotea. Abestian hiltzen garenean besteengan zer geratzen den hausnartzen dut. Ikusten dena aldatu egiten da, baina ikusten ez dena ez da galtzen».
Abestia bi arrazoirengatik da berezia: euskaraz abestu duelako eta bideoklipeko protagonista Mateo semea delako. «Istorioa Aitor Arrutik eta Garazi Egigurenek sortu dute, eta amaiera hunkigarria da. Semearekin grabatzea zoragarria izan da».
Oso gustura bizi dira Zaldibian. «Herri eta etxe asko ikusi genituen. Zaldibiara pandemia garaian etorri ginen, eta herriko giroa eta egin ziguten harrera asko gustatu zitzaizkigun. Bertako eskolako hezkuntza metodoa ere asko gustatu zitzaigun. Hala, bertan bizitzea erabaki genuen. Aste Santuan etorri ginen Zaldibiara». Zumarragan lan egiten du. «Ordenagailu bidezko ekoizpen musikal eskolak eta DJ eskolak ematen ditut. Oso gustura nago lanean».