EAG-a egunero 24 orduz irekitzea eskatuko dute bihar, 18:00etan
Elkarretaratzea deitu du Zumarragako Anbulategiko EAG egunero eta 24 orduz irekitzearen aldeko plataformak. Hilaren 17an manifestazioa egingo dute, 12:00etan
Zumarragako Anbulategiko EAG Eguneko Arreta Gunea egunero 24 orduz irekitzearen aldeko plataformak elkarretaratzea deitu du biharko. EAGa egunero eta egun osoan irekitzea eskatuko dute berriz ere. 18:00etan izango da elkarretaratzea, anbulategi aurrean. Abenduaren 17an, berriz, manifestazioa egingo dute, 12:00etan abiatuta. Herritarrak deitu dituzte mobilizazioetan parte hartzera.
Bi urte baino gehiago daramatza plataformak osasun zentroko larrialdiak berriro irekitzeko aldarrikatzen, zerbitzu hori eten egin baitzen COVID-19aren pandemiarekin, plataformak adierazi duen bezala. «Herritarren lanari esker lortu zen asteburuetan eta jai egunetan egunean zehar larrialdi zerbitzua izatea», adierazi dute ohar batean. Asteko gainerako egunetan, Beasaingo zentrora joan behar dute, «edo kasu larrienetarako zerbitzua oztopatuz, ospitalera».
Ordutik hainbat ekimen egin ditu plataformak eta ia 8.000 sinadura bildu dituzte zerbitzua berriz martxan jartzeko eskatzeko. Osasun zentroko larrialdi zerbitzua ixtea «eskualdeko pertsona guztien osasunerako galera handia» dela azaldu dute: «Ezin dugu onartu osasun arloko zerbitzu publikoak ahultzea».
Bat egiteko deia
Bihar, hala, konzentrazioa egingo dute Zumarragako anbulategi aurrean zerbitzua berreskuratzea eskatzeko, eta manifestazioa abenduaren 17an. Mani- festazioa «jendetsua izateko ilusioz eta esperantzarekin» daude, eta horretarako eskualdeko gizarte eragile eta taldeekin harremanetan jarri dira, antolaketa lanak egiteko. Abenduaren lehenean, bilera egin zuten Zelai Arizti kultur etxean. «35 lagun elkartu ginen lana banatzeko eta jendea prest agertu da laguntzeko». Pankartak eta kartelak egiten ari dira eta azoketara ere joango dira informazioa banatzera.
«Gizarte osoaren onurarako» izanik, herritarrak deitu dituzte konzentraziora zein manifestaziora, EAG-a egunero eta 24 orduz irekitzea eskatzeko.













