50 bat ekoizlek parte hartuko dute Euskal Herriko 24. txistor lehiaketan, etzi
10:00etan hasiko da lehiaketa, Ordiziako udaletxeko arkupeetan. Gipuzkoakoak izango dira ekoizle gehienak. Nafarroako, Arabako eta Bizkaikoek ere parte hartuko dute.
Iazko lehiaketako argazkia. Euskal Herriko 24. txistor lehiaketa jokatuko da asteazkenean Ordizian, Ordiziako Udalak Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkartearekin antolatuta. Euskal Herriko 50 bat ekoizlek aurkeztuko dituzte haien txistorrak lehiaketara. Gipuzkoarrak izango dira gehienak, baina baita nafarrak, arabarrak eta bizkaitarrak ere. Udaletxeko arkupeetan izango da lehiaketa, 10:00etatik aurrera. Txapelketak iraun bitartean, Oianguren Ikastetxeko ikasleek txistorra pintxoak zerbitzatuko dituzte.
Iker Markinezek (Kaxola), Xabier Osak (JAKITEA elkartea), Maite Retolazak (Oiharte sagardotegia), Aitzol Zugastik (aholkulari gastronomikoa eta Basque Culinary Center-eko irakaslea), Eli Belaunzaranek (Diario Vasco), Nuria Perezek (Goierri Irrati Telebista) eta Eskerne Falconek (turismo gastronomikoan aditua) egingo dituzte epaile lanak. Aurten, lehen aldiz, zozketa bidez hautatutako ordiziar bati eman zaio aukera epaimahaikide izateko.
Udalak azaldu duenez, “neurria egokia izatea, homogeneoa izatea, gustua, txikitua, giharra eta koipea erdibana edota ontze-puntua” baloratuko dute epaimahaikideek, adituek hori izaten baitute kontuan. “Epaimahaikoek lehenik eta behin produktu freskoak duen itxurari begiratuko diote: betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea, lodiera eta abar. Ondoren, gordinik dagoela, txistorra ebaki eta giharra eta koipearen proportzioari erreparatuko diote, baita haragiaren txikitzeari ere, eta azkenik, zartaginean frijitu eta duen zapore, usain eta ahogozoari”. Ezaugarri horietan oinarrituta, Euskal Herriko 24. txistorra lehiaketako irabazlea aukeratuko dute.
Azken 15 urteetako irabazleen artean bi goierritar daude. 2014an Ataungo Erauskin Harategiak irabazi zuen, eta 2019an Ordiziako Lasa Harategiak. 2020an bertan behera geratu zen txapelketa, eta iaz Tolosako Miren Karmele Pagolak irabazi zuen.
Azken edizioetako irabazleak:
- 2006: Etxekoa (Oiartzun)
- 2007: Carniceria Sebastian (Altsasu)
- 2008: Patxi Larrañaga (Lasarte)
- 2009: Juan Jose Aldasoro (Altsasu)
- 2010: Jose Luis Muñagorri (Tolosa)
- 2011: Balentin Odriozola (Azpeitia)
- 2012: Balentin Odriozola (Azpeitia)
- 2013: Embutidos Etxekoak (Oiartzun)
- 2014: Erauskin Harategia (Ataun)
- 2015: Precocinados Guesalaga (Zarautz)
- 2016: Txarri Txiki Harategia (Aia)
- 2017: Larragueta Harategia (Burlata)
- 2018: J. Odriozola Harategia (Oñati)
- 2019: Lasa Harategia (Ordizia)
- 2021: Miren Karmele Pagola Balda (Tolosa)













