Arraina, aurretik erosita, prezio eta kalitate hobean
Arraina jateko ohitura izaten da Eguberrietan, afarietan batez ere. Beasaingo Lontxo arrandegiko Lontxo Ormazabalek kontuan hartzeko hainbat gomendio eman ditu. Menu proposamena ere egin du Gabiriako Korta jatetxeko sukaldari izandakoak.
Lontxo Ormazabal eta Joxe Mari Etxeberria, Beasaingo Lontxo arrandegian. Argazkia: Loinaz Agirre Arraina jateko ohitura izaten da Eguberrietan, afarietan batez ere. Arrainaren prezioak gora egiten du garai honetan eta Beasaingo Lontxo arrandegiko Lontxo Ormazabelen esanetan, aukera ona izan daiteke aurretik erostea, «prezio eta kalitate hobeagoko arraina erosiko baitugu». Beraz, arraina eta itsaskia jan nahi duenak aurretik planifikatzea izan daiteke gakoetako bat. «Zenbat lagun izango garen, zer jarriko dugun, aurretik egin badaiteke nola egin… Aukerak aurretik pentsatu». Izozkailuaren laguntza ezinbestekoa da horretarako. Behin erosketa egindakoan, izozkailuan sartu beharko da produktua, eguna iritsi arte.
Txipiroiak aurrez prestatuta
Sukaldean esperientzia handia duen Ormazabalen esanetan, «gauza ona izozten bada, ondo aterako zaigu». Legatza, zapoa, txipiroiak… «Arrainetan gehiena legatza saltzen da. Baina Gabonetarako ikusten ari naiz, txipiroiak asko erosten dituela jendeak. Tintan prestatzeak joko handia ematen du. Egun horietan gero eta gutxiago kozinatzen da, egun horietan jendeak lasaixeago ibili nahi izaten du. Aurretik prestatuta eta izoztuta, oso ondo geratzen dira txipiroiak».
Zapoa, izozkailuan ondoen irauten duen arraina
Dena den, zapoaren aukera egingo luke Ormazabalek. «Zapoak oso ondo irauten du izozkailuan. Arrainetan, ondoen irauten duena da». Sukaldari paperean jarrita, beste gomendio bat ere eman du: «Askotan iruditzen zaigu zapoa bi lagunentzako izaten dela, baina ez, handiagoak egoten dira. Arrautzeztatzeko ere balio du».
Itsaskiak ere izozkailura
Itsaskiekin ere jokabide bera har daiteke sos batzuk aurreratu nahi izanez gero. «Kokotxak, ganbak, otarrainxkak, zigalak… ondo mantenduko dira izozkailuan.Angulak ez dakit zenbatean egongo diren. Lehenengo Gabonak dira guretzat eta ez dakit zer edukiko dugun».
Desizoztea, tenperatura aldaketa handirik gabe
Elikagaiak erosterakoan jarritako arreta bera beharko da produktua prestatzeko garaian, beti ere, aurrez erositakoa izozkailuan gorde bada. Desizoztea poliki-poliki egin beharko da Ormazabalen esanetan. «Tenperatura aldaketa handia ez da komeni. Desizozte suabea behar du. Izozkailutik hozkailura, eta hozkailutik kanpora. Horretarako bi egun behar dira baina kalitatea mantentzeko sekretua hori da. Generoari astia eman behar zaio bere onera etortzeko. Ondo pentsatuta, pazientzia behar da…».
Menu proposamena
Eguberrietako otorduetako baterako proposamen egin du Ormazabalek, norbaitek ideia bezala hartu nahiko balu: hasteko ganba edo otarrainxkak, jarraian zapoa eta bukatzeko, haragi pixka bat, baserriko oilaskoa, usakumea edo arkumea. Aukeratzen dena aukeratzen dena, on egin!













