«Gustatu ezean ez dago hemen hasterik, erlea delikatua da»
Ataun Aiako AiaUgalde baserrian jaio da Ageda Zeberio Begiristain (1947). Lau urterekin Andoainera joana familiarekin, Segurara ezkondu zen orain 48 urte. Eugenio Elortza eta biak Goierriko erlezain beteranoenak izango dira. Ahal duten bitartean lanean jarraitzeko asmoa dute.
Adinak ez du barkatzen, eta lan asko gero eta nekezago bazaizkie ere, erlezaintzari lotutako bizimoduari eusten diote oraindik Zeberiok eta Elortzak. Batak eskulana, besteak salmenta batez ere. Biak osagarri. Sari dezente irabaziak dira, azkena azaroaren 20an: Goierriko beheko ezti lehiaketa, Gabirian.
Zahartuta zaudela esaten duzu, baina oraindik ere hementxe segitzen duzu.
Gizonak ez ditu utzi nahi erleak. Ezti asko ez da izan aurten, baina izaten denean zer egin behar diozu? Labela uzten baldin baduzu huskeria bat pagatzen dizute, lan asko ematen du, eta hortxe gabiltza. Egon gara bi urtean pixka bat geldituta eta lasai, baina berriz ere hoska hasten da jendea ferietara-eta joateko, dendatxoren bat edo beste ere badugu, eta etxetik saltzen dugu asko.
Noiztik eztigintzan?
Nire gizona Eugenio [Elortza] erleekin hasi zela 50 urte badira. Etxean beti ezagutu izan zituela esaten zuen, eta hiru-lau erle jarri zituen. Gero, 52 urterekin jubilazio aurreratuta eman zioten, eta erle gehiago jarriko zituela esan zuen. Ordurako bazituen ia 50 bat erle. Lehen lana errazago egiten zen, orain bada bateko barroa, besteko liztorra, atakazio handia izan da, urte arraroa izan da.
Elkarrizketa osoa GoiBerri.eus webgunean.













