Olentzero eta Mari Domingi, laranjaz jantzita
Joxean Ormazabalen omenezko Segurako ipuin, bertso eta marrazki lehiaketako sari banaketa egin dute asteburuan. Goierriko zein iparraldeko 350 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte.
Joxean Ormazabalen omenezko Segurako ipuin, bertso eta marrazki lehiaketako sariak banatu zituzten asteburuan, Botikaxaharrean. Epaimahaiak lanen maila eta sakontasuna azpimarratu zuen.
Hemeretzigarren edizioan 353 ikaslek hartu dute parte. Ataungo, Segurako eta Zeraingo ikasleez gain, Donibane Lohizunekoek (Lapurdi) eta Urruñakoek (Lapurdi) aurkeztu dituzte lanak. Gehienek, ohiko legez, marrazkien aldeko apustua egin dute.
6 eta 7 urte bitarteko ikasleentzako gaia Olentzerori astoa galdu zaio izan da. Leire Riverarena izan da marrazki ederrena epaileen ustez. Riverak mendi artean marraztu du Olentzero, astoaren bila.
8 eta 9 urteko ikasleei Olentzero haserre dabil. Banatuko ote ditu opariak aurten? galdera bota diete. Jon Zuzunegi lapurtarrak egin du marrazkirik politena. Astoa Olentzerorengandik ihesi jarri du, oparien zama lehen aldiz jarri diolako gainean eta deseroso sentitu delako. Ez zen sari banaketan izan. Anuk Gaztañaga segurarra, bai; ipuinik onena berak idatzi du. Ideiaren originaltasuna azpimarratu du epaimahaiak: Fanta etxekoek Olentzerori eta Mari Domingiri laranjaz janzteko eskaintza egin diete, diruaren truk, eta ez dute begi onez ikusi. Segurako kultur eragileek, Segura Irratiaren bidez, festa antolatuko dute Olentzero eta Mari Domingi adiskidetzeko.
10 eta 11 urtekoei, berriz, Geroz eta haur gutxiago dago. Zer egingo du Olentzerok banatu ez dituen opariekin? galdegin diete. Ataunera joan dira hiru sariak. Marrazkien artean, Aner Arrondo ataundarrak egin du lanik politena: banatu gabeko opariak Saharara heltzen marraztu du, bertako haurrak zoratzen ari diren bitartean. Ez zuen sari banaketan parte hartzerik izan. Ainhoa Barandiaranek, berriz, ipuinik ederrena idatzi du. Berak ere elkartasuna izan du ardatz, eta Ukrainako eta Errusiako ume eta heldu errugabeei oparitzea proposatu du. Eta, bertso sorta onena, Urtzi Urrestarazurena izan da. Albiste honen online bertsioan etzun daiteke lau bertsoko sorta.













