Antxiñako Ama taldeak txistu kontzertua egingo du bihar
Urteroko moduan, Antxiñako Ama txistulari taldeak kontzertua antolatu du Gabonetarako. Bihar izango da, 19:30ean, Zumarragako Beloki pilotalekuan.
Beti bezala, «ilusio handiz» prestatu dute kontzertua. «Lagun artean izango da aurtengo kontzertuaren leloa. Asko izan dira gure bidelagunak musikaren ibilbidean. Aurtengoan Goiargi abesbatzari keinu bat egingo diogu: herritarrekin, herriarekin, lotura eta harreman estua izan dute eta musikaren alde maitasunez eta mimoz lan egin dute. Hori guztia goraipatu nahi dugu», azaldu dute.
Ekitaldian zehar, dantzariak, abeslari bakarlariak eta instrumentu jotzaile ezberdinak arituko dira. «Soinuak eta erritmoak uztartuz, musikaren magiaz gozatzeko aukera izango dugu. Proiektu hau gauzatzeko elkarlana funtsezkoa izan da». Sarrera librea izango da aforoa bete arte.













