Rubik kuboaren herria
Legazpiko lehen txapelketa irekia jokatuko da bihar eta etzi, Bikuña kiroldegian. 50 partaide izango dira, tartean Espainiako punta-puntako jokalariak. Jon Alberdik ere parte hartuko du.
Jon Alberdiren ekimenez jokatuko da Legazpiko txapelketa. HITZA Legazpi Rubiken kuboaren herria bihurtu da, Jon Alberdi Garde gaztetxoaren ekimenez. Mundu mailan gehien saldu den jostailu horrekiko pasioak bultzatuta, Legazpiko lehen Rubik Opena edo txapelketa irekia antolatu du Aitor eta Idoia gurasoekin batera, eta Julio Perugorria jokalariaren eta Espainiako Speedcubing Federazioko Ruben Lopez de Juan ordezkariaren laguntzarekin.
Bihar eta etzi jokatuko da txapelketa, Bikuña kiroldegian, bihar 09:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 21:00etara, eta igandean 09:00etatik 14:00etara. Publikoarentzat irekiak dira saioak.
Legazpikoa, Gipuzkoan historian egingo den maila honetako bigarren txapelketa da; Urnietan egin zen lehena, 2019an. Ofiziala izango da hau ere, eta errekorren bat eginez gero, ofizialki erregistratuta geratuko da.
Punta-puntako partaideak
Speedcubing txapelketa izango da, kuboak ebazteko denbora kontuan hartzen duena, eta bederatzi kategoria egongo dira. Betiko kuboarena edo 3x3koa izango da bat, eta horren finala igandean jokatuko da, 12:30ean.
Guztira 50 partaide izango dira, eta horien artean Espainiako punta-puntako kubo egileak egongo dira. Horien artean Antonie Paterakis nabarmendu behar da, mundu mailan erreferentea dena. Besteak beste, 2x2ko kuboan munduko zazpigarren onena da.
Julen Simon ere Legazpin izango da; Espainiako txapelduna da 2×2 kuboan eta berak du errekorra. Eder Olivenciak ere parte hartuko du; hau ere Espainiako txapelduna da kubo ezberdinetan, eta hainbat errekorren jabe da.
Beste hiru partaide ere nabarmendu behar dira. Batetik, Berta Garcia, kuboa itsuan osatzen Espainiako txapelduna eta errekorduna. Bestetik, Julio Perugorria, Skew kuboan espezialista eta Espainiako bigarren denbora onena. Eta hirugarrenik, Alejandro Nicolay, Square-1 kuboan Espainiako txapelduna eta errekorduna.
Herriko lau partaide ere izango dira. Jon Alberdik parte hartu du, baita Aitor bere aitak ere, Pawel Waclzyk eta Ibai Olano gazteekin batera.
Kuboa sustatzeko
Pasio bihurtu du Jon Alberdik Rubiken kuboa, eta inguruan zabaldu nahi du pasio hori. Horregatik, gurasoen laguntzarekin hainbat ekintza antolatu eta burutu ditu Legazpin.
Orain arte, Eguneko Zentroan eta Garagunean egon da erakustaldiak eta mahai-inguruak egiten, eta Nagusilaneko kideekin bildu da. Ikasleengana ere hurbildu da, eta Julen Simonekin batera erakustaldiak egin ditu Haztegi eta Urretxu-Zumarraga ikastoletan. Gaur bertan, Olazabal institutura eta Urretxuko Gainzurira hurbilduko da Berta Garciarekin. Bi txapelketa herrikoi ere antolatu ditu Legazpin.













