Ion Izagirre kartelburu dela jokatuko da igandean Ormaiztegin ziklo-krosa
Euskadiko txapeldun berriak sorterrian erakutsiko du lehen aldiz titulua. Lastra izango du aurkari gogorrena. Nesketan, Alicia Gonzalez estatuko onenak parte hartuko du
Ormaiztegiko 51. Ziklo-Kros Proba igandean jokatuko da, lau lasterketarekin. Goizean 10:00etan hasita, ordu oro korrituko dute, mailaka bereizita. Euskal Herriko egutegiko azken proba izango da, Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkarteak antolatuta.
Ion Izagirre ormaiztegiarra izango da arreta-gune nagusia. Tolosan Urtezahar egunean lortu zuen Euskadiko txapeldun tituluarekin korrituko du Cofidisekoak. Orduko hartan bezala, Jonathan Lastra bilbotarrak emango dizkio herrian irabazteko lanik handienak —Caja Rural utzi, eta Cofidisera joan da, taldekide dira urtarrilaren 1etik—.
Elite emakumezkoen artean, Alicia Gonzalez asturiarra da faborito nagusia. Movistarreko ziklista Espainiako txapelduna da gaur egun; Lucia ahizparekin eta Aida Nuñorekin batera, estatuko panoramaren menperatzaile da. Euskadiko txapeldun Olatz Odriozola ez da lehiatuko, lanagatik. Ormaiztegiko ordezkari, Lur Zufiria aterako da (23 urtez azpikoetan).
Iazko zirkuitu berean
Atzo 150 txirrindulari zeuden izena emanda. Goierriko harrobiko eta afizionatuetako txirrindulari gehienak Ormaiztegiko barrutian izango dira. Eliteen tropelean Aitor Hernandez, Pello Goikoetxea (Euskaltel), Miguel Sanchez asturiarra edo Martin Mata burgostarra dira beste izen berezi batzuk.
Zirkuitua iazko berbera izango da, 2.500 metro luzekoa eskola-kiroldegi-Itxune inguruan. Helmuga bainuetxe zaharraren parean kokatuko dute.












