Idiazabalen ia 30 ekitaldiz betetako bi asteburu izango dira San Blas jaietan
42. edizioa beteko duen Herri Krosa izango da asteburu honetako ekitaldi jendetsuena. Txistularien alardea eta haur danborrada ere izango dira larunbatean eta igandean, besteen artean.
Idiazabalgo 41. Herri Krosaren irteera. Argazkia: Aitor Garmendia Hasi dute Idiazabalen San Blas jaietarako atzera kontaketa. Ekintzaz betetako bi asteburu prestatu dituzte bihar hasi eta otsailaren 5era bitartean. Ia 30 ekitaldia izango dira orotara, adin eta zaletasun ezberdinetako herritarrak asetzeko modukoa. urteren ondoren, normaltasunez eta murrizketarik gabe ospatuko dituzte jaiak aurten idiazabaldarrek.
Astearte arratsaldean aurkeztu zuten sanblasetako egitaraua udaletxeko areto nagusian. Aloña Barandiaran kultura zinegotziak eta Jon Eskisabel kultura teknikariak hartu zuten hitza. Aurkezpen ekitaldian izan ziren, Adin Etxe jubilatu elkarteko, Izarretan dantza dantza taldeko eta Idiazabalgo Herri Kroseko ordezkariak ere Festa Batzorde osoaren izenean. Herriko elkarte eta eragileek festen antolaketan «egindako ekarpen handia» eskertu eta azpimarratu zuten aurkezpenean udaleko ordezkariek.
Haurren lasterketa bueltan
Asteburu honetan izango diren ekintzen artean, larunbatean herriko beteranoen eta gazteen artean egingo den herri kirol apustua eta 30. Txistulari alardea, eta iganderako aurreikusita dauden 42. Idiazabalgo Herri Krosa eta 41. haurren danborrada aipatu behar dira, besteren artean.
Igandean jokatuko den Idiazabalgo Herri Krosa izango da, zalantzarik gabe, asteburuko ekintzarik jendetsuena. Orain bi urte antolakuntzan erreleboa gauzatu zen, eta herriko zortzi gaztek hartu zuten antolaketaren ardura. Antolakuntzako Ibai Urkiak adierazi duenez, «beteranoek dena ongi antolatuta utzi ziguten, gure helburua orain arte ongi egin dena mantentzea da».
Iaz osasun egoerak hala derrigortuta haurren lasterketarik ez zen egin, baina aurten bueltan da. Benjamin, kimu eta haurren mailako korrikalariak, mailaz maila, 10:45ean irtengo dira Xume taberna paretik. Benjaminek 600 metroko ibilbidea osatu beharko dute, kimuen mailakoek 1.100 metrokoa eta haurren mailakoek 1.600 metrokoa. Helmuga herriko plazan kokatuta egongo da.
Kadeteak, helduak eta beteranoak 12:00etan dute hitzordua. Antolatzaileek jakitera ema dutenez, ibilbidea «urteroko berdina» izango da. «Kadete mailako korrikalariek herriari buelta bat eman beharko diote, 3,5 kilometro inguru eginez; helduek eta beteranoek hiru buelta osatu beharko dituzte; 10,2 kilometro, guztira».
650 korrikalaritan muga
Iazko lasterketan 410 korrikalarik hartu zuten parte, eta marka berriak ezarri zituzten Idiazabalgo Herri Krosean. Urko Herran gasteiztarrak 30 minutu eta 53 segundotan osatu zuen lasterketa helduen mailan eta Maria Ordoñez iruindarrak 37 minutu eta 23 segundotan. Aurtengo ediziorako 551 korrikalarik eman dute dagoeneko izena. Izen ematea irekita dago oraindik «650 korrikalaritan» jarri dute muga. Izena Kronoak.com web gunean eman daiteke.
Berotzen hasteko asteburua izango da hau, San Blas jaiek datorrenean joko baitute goia. Ohitura denez, Axaria otsailaren 2an, Kandelaria egunez, jaitsiko da herrira. Festak otsailaren 5ean amaituko dira.
LEHEN ASTEBURUKO EGITARAUA
Urtarrilak 27, ostirala
- 16:00. Kantu Jira taldearen
emanaldia eguneko zentroan.
Urtarrilak 28, larunbata
- 10:00. Compact Sporting plater hausketa saioa Altunariztin.
- 17:00. Herri kirol apustua: Belarxarrak vs. Uztauek, Igarondo pilotalekuan.
- 19:30. Txistulari ohien kalejira. 20:00. 30. Txistulari Alardea, Ze- laako kiroldegian.
Urtarrilak 29, igandea
- 10:45. 42. Idiazabalgo Herri Krosa. Haurrak (10:45) eta kadeteak eta helduak (12:00).
- 17:00. 41. Haurren danborrada herriko kaleetan zehar.
- 19:00. Futbito txapelketako fi- nalerdia. Futbito zelaian.












