Hasi dira San Blas festak
San Blas jaietako lehendabiziko asteburua izan da. Mimentza etaVecillas garaile herri krosean. Belarxarrak taldeko gazteek irabazi dute Uztauek beteranoen aurka desafioa
Hotzak eta euriak ez ditu idiazabaldarrak kikildu, eta jai giro ederrean eman diete hasiera asteburu honetan San Blas jaiei. Ikusle ugari bildu dituzten hainbat ekitaldi izan dira jaietako lehendabiziko asteburu honetan, tartean, larunbateko herri kirol desafioa eta Txistularien 30. Alardea eta igandeko 42. Idiazabalgo Herri Krosa eta haurren danborrada.
Igarondo pilotalekuko harmailak goraino beteta zirela jokatu zuten herri kirol desafioa Belarxarrak taldeko gazteek eta Uztauek talde beteranoak. Belarxarrak izan zen irabazlea, baina azkeneraino borrokatu behar izan zuten txapela. Azkeneko koxkol biltzean, bi koxkol eskas izan ziren erabakigarriak, bost segundo ia ordu beteko lanean. Hamabina kirolari aritu ziren talde bakoitzeko. Saioa hasi aurretik, Gari Garmendiak 200 kiloko harria jaso zuen lehen aldiz, plazan.
Jendetsua izan da baita, Txistularien 30. Alardea ere, bai parte hartzaileen aldetik, baita, ikustera joan zen jende andanaren aldetik ere. Euskal Herri guztitik joandako 60 txistularitik gora, 90 bat abeslari, 20 dantzari eta 20 danbor eta barril jotzailek hartu zuten parte ikuskizunean. Zelaa kiroldegia bete egin zen larunbat arratsaldean.
Inoizko kros jendetsuena
Asteburu honetan ikusmin gehien sortu duen ekintzako bat 42. Idiazabalgo Herri Krosa izan da. Azken urteetako lasterketa jendetsuena izan da 646 parte hartzailerekin. Aitor Mimentza eta Diana Vecillas izan dira irabazleak. Helduen lasterketaren aurretik, haurren eta gazteen txanda izan zen. Kategoriaka banatuta egin zuten korrika, 8 urteko haurretik hasi eta 13 urteko gaztetxoetaraino. Parte hartzaile gehienak goierritarrak izan dira —Idiazabalgoez gain, Zegama, Segura, Ordizia, Beasain, Lazkao—, baina Nafarroako zein Gipuzkoako beste herri batzuetako korrikalariak ere izan dira Idiazabalen.
Pilota aukeraketa, bihar
Igande arratsaldeko haurren danborradak itxi du San Blas jaietako lehendabiziko asteburuko egitaraua. 3 eta 12 urte arteko idiazabaldarrak aritu ziren danbor jotzen. Herriko kaleak zeharkatu eta gero, Igarondo pilotalekuan amaitu zuten.
Otsailaren 4an jokatuko den Binakako Txapelketa Nagusiko pilota partida jokatuko duten lau pilotarik —Elordi-Zabaleta eta Peña II-Mariezkurrena II— pilota aukeraketa egingo dute bihar, 13:30ean Igarondon. Oraindik, partidarako sarrerak salgai daude, on-line Asperen web orrian.












