Barrena parkeko estalpea eta jolasgune berria eraikitzeko lanak ekainean amaitzea aurreikusi dute
Otsailean hasi zituzten lanak. "Parkea biziberritzeko aukera bat" izango dela adierazi du udalak. "Aurrerago kanpoaldean gaztelu moduko bat jartzea aurreikusten dugu".
Barrenako jolas parkeko eremuan lanean.//L. Goiburu Barrena parkeko estalpea eta jolasgune berria eraikitzeko lanak martxan daude. Otsailean hasi zituzten, eta lau hilabeteko iraupena izatea eta ekainerako amaitzea aurreikusi dute. Dagoeneko kendu dute aurretik zegoen jolas parkea. Estalpearen lanak Iparragirre Eraikuntza Lanak SL enpresak egingo ditu eta aurrekontua 317.534,74 eurokoa da. Joko eremua, aldiz, K1 Ekopaisaia SL enpresak egingo du eta inbertsioa 94.801,28 eurokoa da. Ordizia 2030 Ekintza Planeko 12.36 puntuko lanak dira.
Udalak azaldu duenez, Ordiziako parkeen inguruko lanketa egin zuen udalak prozesu parte hartzaile batekin, Ttipi Gara kooperatibaren bitartez. Ordiziako parkeen sarearen mapa bat eta parke bakoitzaren ezaugarritzea egin zuten. “Ondorio garbi bat atera zen: Barrenako parke hau da Ordiziako parke zentrala, herri guztiarentzat funtzionatzen duena; eta badaudela beste parke batzuk auzoko izaera handiagoa dutenak edo erabilera espezifikoagoa dutenak”, adierazi du Adur Ezenarro alkateak.
Parte-hartze prozesuan ateratako beste ondorio bat izan zen 0 eta 6 urte arteko haurrei zuzendutako estalitako espazioak falta direla. “Ordizian baditugu eremu estaliak,hala nola, Plaza Nagusia eta frontoi txikia, eta horietan adin batetik aurrerako haurrek jolasteko aukera badute. 0-6 arteko haurrentzat, baina, guneak falta dira. Horregatik erabaki da herri guztiarentzat hemen eremua estaltzea”.
Jolas eremua 0-6 urte arteko haurrentzat izango da estalitako eremua, jolas inklusiboekin. “Aurrerago kanpoko aldean gaztelu moduko bat jartzea aurreikusten dugu”. Udalak “parkea biziberritzeko aukera bat” ere ikusi du parkearen berritzearekin, eta horren inguruko lanketa egiten ari dira. “Beste hainbat lanketa martxan ditugu, hala nola, jolasak lorategian eta parke guztian zabaltzeko. Orain arte hemen itxita egon dira, hesituta, eta orain moldaketa berriarekin lortuko duguna da haurrak parke osoan jolasteko aukera izatea, nahiz eta eremu nagusia jolasleku berrian izango den”, zehaztu du Ezenarrok.













