Kulturan aste betea
Olaberriko Kulturaldiaren aste hornituena ari dira garatzen. Elbira Zipitriaren dokumentala emango dute gaur. Jendetza eta harrera ona izan ditu Herrialdeen Eguneko janari topaketak.
Herrialdeen Egunean parte hartu zuen talde bat, nafarrena, Olaberriko frontoian. // Argazkia: Goierri Telebista Olaberriko Kulturaldiak zuzeneko abiada sartuko du aste honetan. Ostiralean hasi zuten egitaraua, lapurretak saihesteko adinekoentzat jarritako hitzaldiarekin. Baina lehengo asteburuko bataio oparoena igandeko Herrialdeen Eguna izan da, 21. aldiz egin dena.
Zortzi herrialdek hartu zuten parte Herrialdeen Egunean: Galizia, Valentzia, Asturias, Maroko, Gaztela eta Leon, Senegal, eta Hego Euskal Herriko bi erkidegoak, bakoitza bereiztuta. Gonbidatu nagusia Senegal izan da, topaketan estreinako aldiz parte hartu dutenak.
Bakoitzak bere janari tipikoak eskaini zituen. Musika senegaldarraren kontzertu bat ere egin zuten, frontoiaren kanpoaldean, tinbal, danbor eta perkusio.
Jendetza erakarri zuen gastronomia festak. Bete egin zen pilotalekua. Sarrera-diru baten truke, nahi adina postutan eta ahal beste jaki dastatu ahal izan ziren.
Gaur, ‘Elbira’ dokumentala
Herriko belaunaldi arteko bilkurarekin jarraitu zuen, atzo, Kulturaldiak. Haurrak, gurasoak eta aitona-amonak elkartu ziren, Saretzen programaren barruan.
Aste honetan ia egunero izango da ikuskariren edo gozagarriren bat Olaberrian. Gaur, 18:00etan, Elbira dokumentalaren emanaldia jarri dute, Emakumearen Egunarekin ere bat eginez. Ikastolen aurrendari izan zen Elbira Zipitria andereñoari buruzko dokumental fikzionatua udaletxeko ganbaran ikusi ahalko da.
Emakume paregabeak ikuskizuna bihar egingo dute, udaletxeko ganbaran, 17:30ean, Kuttun elkarteak antolatuta.
Astebururako, Biasteriko (Araba) Viña Real upategira txangoa antolatu dute. Zapatuan, irteera 09:00etan da. Bidaia autobusean, bodegan bisita gidatua, ardo dastaketa eta bazkaria egingo dituzte (55 euro).
Azkenik, igande goizean kirola egiteko elkartuko dira.













