Oianguko 3 bikote, Euskal Herriko txapelketetako finalean
Gasteizko Lakua pilotalekuan jokatuko da Euskal Herriko pala motzeko finala, larunbatean. Euskal Herriko paleta larruzko jubenilen finala, aldiz, Bakioko pilotalekuan izango da, ostiralean.
Euskal Herriko pala txapelketako finalak asteburuan jokatuko dira. Oiangu taldeko 3 bikotek lortu dute finalerako txartela. Oiangu A (Mendikoa-Letamendia) eta Oiangu C-koek (Berasategi-Olaran) elkarren aurka jokatuko dute Euskal Herriko pala motzeko finala, Gasteizko Lakua pilotalekuan. Oiangu taldeak ohar baten bidez azaldu duen bezala, “taldekideak eta ezagunak, lagunak, baina hain garrantzitsua den sariaren lehian, etsaiak” izango dira. Hala, txapela Oiangutarrentzat izango da emaitza dena dela ere.
Hirugarren bikoteak, Larrarte-Elorzak, Euskal Herriko paleta larruzko finalerako txartela larunbatean Gasteizen jokatu zuen partidan lortu zuen, jubenil mailan. Finalerdi lehiatua eta zaila zuten aurrean, etxetik kanpo jokatu beharrekoa. Baina “partidu serio bat eginez eta majo sufritu ondoren”, txapelaren lehian sartu dituen garaipena lortu zuten. Ostiralean Bakioko pilotalekuan jokatuko den Euskal Herriko paleta larruzko txapelketako jubenil mailako finalean izango dira. Aurrean izango dituzte Sopelako gazteak. “Egiten dutena egiten dutela ere, honelako mailako txapelketa batean lehen parte hartzean finalean izatea, goraipatzekoa da”, adierazi du Oiangu taldeak.













