Bergaretxe bilerak eta ekitaldiak egiteko zerbitzua eskaintzen hasi da
Miceleku du izena, eta 30 lagunentzako tokia du. Sukaldea eta jangela ere baditu. Bertako bezeroei, eta enpresei, erakundeei, elkarteei eta herritarrei zuzenduta dago.
Joxe eta Garbiñe Egaña eta Fermin Gartxitorena, Bergaretxe Geltokiko jabeak. // Argazkia: Tere Madinabeitia Brinkolako Bergaretxe Geltokia apartamentu turistikoak bezeroei eta herritar guztiei zuzendutako zerbitzu berri bat eskaintzen hasi dira: Miceleku aretoa. Erabilera anitzeko gela bat da, era askotako ekitaldiak edo bilerak egiteko balio duena, eta sukaldea eta jangela dituen Gastrotxokoaz osatuta dagoena.
Literatura erotikoari buruzko solasaldi batekin estreinatu zuten hilaren 5ean, eta bidaia blogari batzuek topaketa egin dute asteburuan. Igande honetan egingo duten bigarren literatur saioa aukera paregabea da zerbitzu berria ezagutzeko.
Negozio turismoa
Bergaretxeko Fermin Gartxitorenak azaldu duenez, mice terminoak negoziozko turismoa esan nahi du. Hau da, bilerak, pizgarriak, ekitaldiak, hitzaldiak edo erakusketak biltzen dituen turismoa. Apartamentuak ireki eta bost urtera, turismo mota horri zuzendutako zerbitzua martxan jarri dute, «baina bezeroei, eta auzotarrei, erakundeei eta enpresei begira egina dago». Izan ere, Micelekun «edozein ekitaldi, urtebetetze festa, ikastaro, mintegi, liburu aurkezpen, lagun arteko topaketa, elkarteko batzar edo laneko bilera egin daiteke, erabateko pribatutasunarekin». Literatur saioaren ondoren sukaldaritza ikastaro bat egiteko asmotan dabiltza.
Landetxeetan horrelako zerbitzu gutxi daudela dio Gartxitorenak, eta «inguruan bat ere ez». Zerbitzu berria da, eta 80 metro koadroko espazio moldakorrean, 30 lagunentzako tokia du.
Areto berria punta-puntako teknologiarekin hornituta dago eta, besteak beste, bideo konferentziak egiteko aukera eskaintzen du. «Wifia, telebista,ukipen-proiektorea, pantaila erraldoia…» ditu. Sukaldea ere ondo hornituta dagoela dio Gartxitorenak: «labe industriala, hozkailu handia, ontzi garbigailua, kafe makina…».
Blog berria
Bergaretxeko Miceleku zerbitzua erabiltzeko 666 818 692 telefono zenbakira deitu behar da, edo info@apartamentosbergaretxe.eus helbidera mezu bat bidali apartamentosbergaretxe.eus webgunean aurki daiteke informazio gehiago.
Webgune horretan, bestalde, blog bat jarri dute martxan, apartamentuetako inguruak ezagutzera emateko. Hain gertu dagoen Aizkorri-Aratz parke naturala hartu dute ardatz, eta inguruan zer egin daitekeen edo zer ikusi daitekeen azaltzen dute.













