Igartza musika zikloa beste bi proposamenekin dator asteburuan
Loinatz abesbatzaren kontzertua izango da larunbatean, beasaindarrek ere lekua hartuz. Igartza musika bekaren irabazleen txanda izango da, igandean.
Igartza musika zikloak, musika aniztasuna sustatzea du helburu, horregatik, musika estilo guztiei eta toki guztietakoei lekua egiten die. Urtarrilean eman zitzaion hasiera aurtengo edizioari eta ekuadorrera iritsi da jada. Anariren kontzertua izan zen azkena, eta asteburu honetan, bi proposamen izango dira.
Aurkezpenean nabarmendu zuten moduan, Euskal Herriko musikarientzat erakusleihoa da Igartza musika zikloa, eta nola ez, beasaindarrena ere bai. Hala, Loinatz abesbatzak emanaldia egingo du. Erromantizismoan kokatutako kantu sorta bat eskainiko du. Bihar, larunbata, izango da, Igartzako jauregian, 19:00etan hasita.
Bekaren irabazleak
Beasaingo Udalak, Musikenerekin elkarlanean, Igartza Musika Beka ematen du, eta 2022 urteko onuradunek, kontzertua emango dute. Gradu bekaren irabazlea, Adrian Rescalvo Garcia kontrabaxu jotzaile valentziarra, eta master bekaren irabazlea, Nerea Azkona Galarraga harpa jotzaile donostiarra izango dira.
Asteburuko bigarren saio hau, igandean izango da, Igartzako jauregian hau ere, 19:00etatik aurrera.