Bizikletan ibiltzeko adinik ez dagoela erakutsiko dute biharko LegazTipi-Tapan
Ostegunero bezala, 10:30ean izango da hitzordua plazan, baina bihar trizikloz ibiltzeko aukera izango dute hainbat partaidek.
Biharko Tipi-tapa irteeran, bizikleta berezi batzuetan ibiltzeko aukera izango dute partaideek, Bizikletaz Adinik Ez izeneko irabazi asmorik gabeko erakundeak proposatutako jarduera bati esker. Erakunde horrek trizikloetan gidariekin ibilaldiak egiten ditu, etxetik edo egoitzetatik irteteko zailtasunak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin.
Real Sociedad Fundazioa elkarlanean ari da Gipuzkoa osoan garatzen ari den proiektu honekin. Bihar Legazpin egongo dira, egun osoan zehar, baina 10:30ean hasiko den tartea Tipi-tapan parte hartzen dutenei zuzenduta egongo da.
Ekimen horren bidez, erabiltzaileei kalera joateko aukera emateaz gain, haien oroitzapenak eta emozioak aktibatzea lortzen da, aspaldi ikusi ez dituzten lekuak bisitatzean. Harreman berriak egitea ere sustatzen da.
Iazko abenduan ere Legazpin izan ziren triziklo horiek, Zumarragatik etorrita.