Legazpiko Udalak bulego elektronikoa ireki du Laubide auzoan
Hainbat udal tramite egiteko aukera izango da bertan. Herritarrek nortasun agiria besterik ez dute beharko. Egunero egongo da zabalik, 07:30etik 20:30era.
Urteko egun guztietan irekita egongo den bulego elektroniko bat ireki du Legazpiko Udalak Laubide auzoko oinezkoan kalean. Bertan, udalarekin konektatutako terminal informatiko bat instalatu du, herritarrei hainbat tramite egiteko aukera eskaintzen diena. Bulegoa 07:30etik 20:30era egongo da irekita, egunero.
Bulego elektroniko horretan, biztanleen erroldarekin zerikusia duten tramiteak egin ahal izango dira, errolda ziurtagiriak eskuratzea, adibidez. Udal ordainagiriekin lotutako informazioa kudeatzeko aukera ere izango da, besteak beste, ordainagirien frogagirien kopiak lortzeko. Udalaren egoitza elektronikora ere sartu ahal izango da, udalaren edozein izapide egiteko. Beste hainbat tramite gehiago ere egin ahal izango dira: jendaurrean jartzen diren dokumentuak kontsultatzea, kirol espazioak erreserbatzea, kirol ikastaroetan izena ematea edo harpidetza egitea, KZgunean BAKQ ziurtagiria eskatzeko hitzordua hartzea edo nortasun agiria egiteko edo berritzeko hitzordua hartzea.
Terminal informatiko hau erabiltzeko, nahikoa da nortasun agiria bertara gerturatzea, izapidea eskatzen ari den pertsona identifikatu ahal izateko. Bulego elektroniko hau martxan jarrita, zerbitzuak herritarrengana hurbiltzen ditu udalak. Atzo aurkeztu zuen zerbitzu berria Koldobike Olabide alkateak, eta “udal zerbitzuen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko” Udal Gobernuak egin duen “apustu irmoa” nabarmendu zuen.
Uda baino lehen, bulego horretan Sasieta mankomunitateko konpostatzeko poltsak eskruatzeko makina bat jartzea aurreikusten du gainera udalak, hirigunean dagoena bezalakoa.