Mikel Mujikak Portugalen abiatu du txirrindulari profesionaleko lehen denboraldia
Urtebete egingo du Bai Sicasal Petro de Luanda taldearekin. Angolan du egoitza, baina Portugalen lehiatzen da batez ere. UCI Continental mailako taldea da.
Mikel Mujika Legazpiko txirrindulariak Portugalen abiatu du bere ibilbide profesionala Bai Sicasal Petro de Luanda taldearekin. Iazko denboraldian afizionatu mailako Telco,m talde nafarrarekin lehiatu zen, baina stagiaire gisa fitxatu zuen Angolako talde horrek Portugalgo Itzulia egiteko. Angolan ere lehiatu zen, GP Centenario-Pepino Memoriala biran, eta bigarren etapa irabazi zuen.
Iazko emaitzak ikusita, urte bete egingo du Uci Continental mailako talde horrekin, batez ere Portugalgo probak eginez, eta Afrikako baten bat edo beste ere bai, seguruenik. Denboraldi berria joan den astean estreinatu zuen Mujikak. Arrabidako Klasikoan parte hartu du, eta ondoren Alentejoko lau eguneko bira egin du. Orain hiru-bat aste Legazpi aldean egingo ditu, eta oraindik konfirmatu gabe badago ere, apirilaren erdialdean beste proba egingo du, Portugalen hori ere.
“Oso pozik” dago Legazpiko txirrindularia profesionaletara jauzi eginda. “Profesional maila iazko itzulian ezagutu nuen, eta aurten hazten joateko itxaropena daukat, baita karreraren bat edo beste irabaztekoa ere, horretarako gaude ere”. Talde berean Tolosako Gorka Sorarrain dago, Alentejoko itzuliko lehen etapan seigarren postua egin zuena, beste kide bat Kantabriakoa da, eta masajista laguntzailea Bilbokoa da, “nahiko babestuta nago taldean”, dio legazpiarrak.