«Munduko Kopako probak desnibel handikoak dira, harri askorekin, ez hain azkarrak»
Euskal Selekzioarekin mendi lasterketen Munduko Kopan parte hartuko du Aitor Zunzunegik (Legorreta, 2000), Calamorro Skyrace lasterketan. Irati Zubizarreta beasaindarra ere lehian izango da.
Nola hasi zinen mendi lasterketak egiten?
Gazteagotan futbolean jokatzen nuen. Pandemia baino bi hilabete lehenago Madrilera joan nintzen ikastera, eta futbola utzi nuen. Bueltatzerakoan korrika gehiago egiten hasi nintzen, serioago hartzen. Aurretik eginda neuzkan Axari Trail, Zegama Juniorra… baina inoiz ez nuen nire burua ikusten serio korrika. Geroz eta gusturago, eta horrelaxe, pixkanaka.
Euskal Selekzioak deitu zizun.
Iaz, lehenengo aldiz, Alacanten egin zen Espainiako Kopako karrera baterako deitu ninduten, eta han debutatu nuen. Gero karrera gehiago egin ditut, Munduko Kopan ere debutatu nuen iaz eta hor gaude. Munduko Kopako bi lasterketa egin nituen: Vall de Boi (Lleida), eta Zermatt (Suitza).
Apiril hasieran Espainiako Txapelketako lasterketan izan zinen Ruten (Kordoba). Zer moduz?
Aste Santuan joan nintzen, bai, paper polita egiteko asmoarekin. Pentsatzen genuena baino dezente gogorragoa zen karrera, hainbeste harri eta beroa ere bai. Defentsa ona egin genuen, nik ez nuen karrera onena egin eta hirugarren, pozik.
Bihar Munduko Kopako Calamorro Skyrace proba izango duzu, Benalmadenan (Malaga). Nola prestatzen duzu?
Aurten debutatzen dugu Calamorron, eta gogotsu nago. Karrera gogorra da. Aste Santuko Kordobako lasterketak on egin digu ikusteko hango terrenoa nolakoa den. Lasterketa gogorra da; Munduko Kopakoak desnibel handikoak izaten dira, oso menditsuak, harri askorekin, ez hain azkarrak.
Desnibela egitea, gora eta behera, Txindokira eta Aizkorrira joan eta gora eta behera. Maila altua egongo da, Munduko Kopako lehenengoa. Beroa egingo du. Berorako saunan ere egoten naiz korrika egin eta gero.
Munduko Kopako hurrengoa maiatzaren 14an izango da, Skyrace des Matheysins, Frantziako Alpeetan.
Bai, baina hara ez naiz joango, Zegama-Aizkorri egin behar dut eta. Horren ordez, beste bat egingo dut, Madeirara (Portugal), noa. Ekainaren 17an izango da Ultra Skyrunning Madeira. Eta gero besteren bat igual egingo dut. Munduko Kopako sailkapena osatzeko hiru lasterketa behar dira gutxienez finalaren aurretik. Baina oraingoz pixkanaka joango naiz.
Zegama-Aizkorri egingo duzula aipatu duzu. Berezia da?
Zegamakoa, goierritarra izanda, Zegama bertan edukita, Munduko Kopa edo dena delakoa saldu ahalko dute, baina guretzat hori da munduko txapelketa, eta hor egoteko aukera daukagun bitartean, horri eusten ahaleginduko gara.
Calamorro eta Zegama dira erronkak beraz epe motzean.
Eta tartean Txindokiko Bertikala egingo dut, hankak guztiz finkatzeko. Maila altua egongo da, Espainiako Federazioak kriterioetan sartu baitu proba, eta kanpotik ere jendea dator. Hori ere polita izango da.