Gabiria eta Legazpi Aizalekuk senidetu ditu beste urtebeterako
Aizaleku mendi tontorreko festatxoa giro ederrarekin egin dute. Trikitia, bertsoak eta txistua, bi udalerrien arteko gainean.
Aizalekuko gailurrean ekainaren lehen igandearekin ospatu dute, 2016an hasitako ohiturari jarraipena emanez –han gurutzea kokatu zuteneko 50. urteurrena bete zen orduan–. Eguraldi bikainarekin eta giro paregabearekin egin zuten eguarteko ospakizuna.
Mezaren ordeko hitzaren liturgiaren ondoren, Euxebio Igartzabal eta Aratz Igartzabal osaba-iloba bertsolariek saioa egin zuten. Miren Debak jo zuen trikitia, eta Legazpiko txistulariak ere festa alaitzen izan ziren. Aztiriko bizilagunek jarritako mokaduari ere ez zioten muzinik egin.
Argazkiak: Pello Agirrezabala (aurreneko hirurak) eta Juan Ramon Goikoetxea