Hogeita hamar garagardotik gorako eskaintza izango da plazazpian
Gaur, 18:00etan irekiko dute Beasaingo garagardo azoka, presoen eskubideen aldeko hamargarrena. 2.800 litro garagardo baino gehiago kontsumitzea espero dute antolatzaileek.
Garagardozaleek Beasainen dute hitzordua. Garagardo Festa gaur arratsaldean irekiko da, eta larunbatera arte iraungo du. Beasaingo plaza azpian izango da.
Aniztasuna da garagardo azokaren ikurra: BKL saskibaloi taldea hasi zen antolaketa lanetan duela hamarkada bat baino gehiago; egun, Goierriko presoen aldeko langunek antolatzen dute garagardo azoka, baina denek boluntario sare zabal baten laguntza izaten dute. boluntario askoren laguntzarekin.
Garagardoak ere askotarikoak izango dira: marka, barietate, estilo eta graduazio berezituak dituzten 30 txorroten eskaintzari eusten jarraitu da, publiko zabal bat asebetetzen saiatuz. 30 txorrota, baina 34 garagardo izango dira hamargarren edizio honetan, alkoholik gabeko eta radler garagardoak gehituta, litro erdiko botiletan eskainiko direnak.
Garagardo aukera zabala
Inaugurazioa, gaur, 18:00etan izango da, eta jendetza gerturatzea espero da, larunbatean batik bat. «2.800 litro garagardo baino gehiago kontsumitzea espero» du antolakuntzak.
Eskaintzan izango diren garagardoak, denetik. Horiak (Pilsner, Kellerbier, Helle Munchen, Abadia, Belgian Ale, Lager..), IPA (Indian Pale Ale), APA (American Pale Ale) edo Neipa (New England IPA), eta gari-garagardoaren barietate desberdinak (Weissbier bavariarrak, Witbier zuria eta baita Weizenbock…) izango dira aukeran. Garagardo artisau txigortuak, (Landbier, Abadia Dubbel, Belgian tripel eta abar), Irish Red gorriek eta Abadiako Ambar eta Gorria garagardoek ere leku bat izango dute. Eta beltzak ere bai, jakina, Irish Stout esaterako.
Garagardo artisauak ere izango dira aukeran, Goierritik, Nafarroatik, Gipuzkoatik, Bizkaitik… iritsiko dira. Eta nazioartekoak hainbat tokitatik: Espainia, Txekia, Bavaria, Alemania, Irlanda, Eskozia, Herbehereak eta belgikarrak Flandria zein Waloniatik.
Laurehun laguntzeko tokia
Garagardoa, eta garagardotegiko menu tipikoa izango dira. Azokak irauten duten hiru egunetan, 20:00etatik aurrera, bi lagunentzako menuak eskainiko dira; ukondoa labean, Bratwurst eta Frankfurt saltxitxak plantxan, patata-purea, etxeko brownia eta aukerako bi garagardoak.
Afari arinagoa nahi dutenek, plater solteak ere izango dituzte, eta aurten, berrikuntza, ogitartekoak izango dira.
Plazazpian eta Zubimusun 400 laguntzako tokia izango da afaltzeko.
Eraso sexisten aurkako protokoloa
Goierriko Neska* Gazteok aurten protokoloa jarriko dute Beasaingo garagardo festan gerta litezkeen eraso sexisten aurrean. Erasorik izango balitz, barrara jo beharko da eta bertan kudeatuko dute egoera, eta erasotua izan denari behar dituen baliabideak eskainiz. Helburua da «guztiontzat gune seguru eta erosoak izatea».













