Eskolarteko 35. Finalistaren Eguna Ordizian egingo dute, igandean
9:00etan aterako dira Plaza Nagusitik izena eman duten Gipuzkoako ikastetxeetako ikasle eta arduradunak. Izena ostegunera arte eman daiteke, Ordiziako Mendizaleekin harremanetan jarrita.
Beasainen egindako Finalista Eguna, iaz, Garin auzoan.//Argazkia: Maider Insausti Eskolarteko 35. mendi lehiaketako Finalistaren Eguna Ordizian izango da, igandean, Gipuzkoako Mendi Federazioak eta Ordiziako Mendizaleek antolatuta. Gipuzkoako ikastetxeetako neska-mutil guztiek parte hartu dezakete, Ordiziako Mendizaleei jakinaraziz. Osteguna izango da izena emateko azken eguna.
Mendi ibilaldia Plaza Nagusian hasiko da, 9:00-9:30 artean. Ikastetxe bakoitzak parte-hartzea jakinarazi beharko du bertan egongo diren mahaietan, eta jarraian hasiko dira ibilian. 7,63 kilometroko ibilaldia egingo dute umeek. Plazatik atera eta futbol zelaira abiatuko dira. Majori kiroldegi ingurutik gora, Oiangura iritsiko dira, eta bakoitzak eramango duen hamaiketakoa jango dute parkean. Oiangutik Goierri Eskolara jaitsi eta herrigunera bueltatuko dira. Herrian buelta bat eman eta Plazan amaituko dute. Bi ordu inguruko ibilaldia izango da.
Gurasoek ere aukera izango dute haien seme-alabekin ibilbidea egiteko. Finalisten diplomak banatuko dituzte bukatzean, eta opariak ere banatu edo zozketatuko dituzte ikastetxeen artean. Gipuzkoako ikastetxeetako ikasle askok parte hartuko dutenez, garraio partikularren erabilera saihestea gomendatu dute, edo taldean bidaiatzea.
Izen-ematea
Ikastetxeetako arduradunekin egin behar dute ibilaldia ikasleek derrigor. Haien kabuz, arduradunik gabe, agertzen diren ikasleek ezingo dute parte hartu. Ostegunera arte izango dute izena emateko aukera parte hartu nahi dutenek. Ordiziako Mendizaleen 676 92 96 60 zenbakira deitu edo o.m.mendia@hotmail.com helbide elektronikora idatzi behar da horretarako.












